Bertsolaritzari buruzko marrazki bizidunak, Hitzetik Hortzeran
Lazkao Txikiri, Pernando Amezketarrari eta Txirritari buruzko marrazki bizidunak egin ziren 90. hamarkadan. Programa horietako sintonia entzutea nahikoa da nostalgian murgiltzeko; askoren bertsozaletasunaren mugarri izan ziren marrazkiok. Haien inguruan ariko gara aste honetako Hitzetik Hortzeran.
Zehazki, sormen proiektu hartan parte hartu zuen Koldo Izagirrerekin elkartuko gara: zein helbururekin eta nola sortu ote zen ideia ? Zergatik aukeratu zituzten hiru bertsolari horiek? Nolakoa zen orduko giroa bertsolaritzan, telebistan eta euskal munduan? Galdera horiek eta gehiago erantzungo dizkigu. Gainera, proiektu hark belaunaldi gazteagoetan izan duen eraginaz eta gaurko marrazkigintzaz hitz egiteko Unai Gaztelumendirekin elkartuko gara Donostian.
Joxepa Antoni Aranberri “Xenpelar” eta Martzelina Lopetegi
Bertsoak ez dira faltako igandean ere, noski: Andoainen, Legazpin eta Pasai Donibanen izango gara.
Bestalde, garai bateko emakume bertsolarien hitzak entzuteko aukera izango dugu. Oraingo honetan, Joxepa Antoni Aranberri “Xenpelar” eta Martzelina Lopetegi ezagutuko ditugu. Erantzun zorrotz eta jarrera ausarteko emakumea izan zen Joxepa Antoni, eta denetariko gaiei buruz egin zituen bertsoak; ezagunenak, beharbada, neskazaharren alde idatzitakoak izango dira. Oiartzungoa zen, berriz, Martzelina, eta erromerietan eta bileretan bertsolariak izaten zirenean, sarritan hurreratu eta bertsotan hasten omen zen.
Igandean, 15:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en; eta, edonoiz EITB Nahieran atarian.