Bertsolaritzari buruzko doktore-tesi bat egiteko ikerketa-kontratu deialdia zabalik
Gaur aurkeztu da Amasa-Villabonan, Mintzola Fundazioaren egoitzan, bertsolaritza ikertzeko kontratu deialdia. Bertan izan dira: Beñat Gaztelumendi, Mintzola Fundazioko patronatu kidea eta Ikerkuntza arduraduna; Juan Kruz Igerabide, Mikel Laboa Katedraren zuzendaria eta Xabier Etxaniz, EHUko Euskararen Arloko errektoreordea eta Mintzola Fundazioko patronatu kidea.
Beñat Gaztelumendiren hitzetan, bertsolaritza ikertzea da Mintzola Fundazioaren egiteko nagusia eta norabide horretan, bertsolaritza munduko eta Euskal Herri osoko ehundik gora bertsozale, eragile eta adituekin Ikerketa Ekintza Parte Hartzaile (IEPH) prozesu bat gauzatu zuen Bertsozale Elkarteak, 2011 eta 2012 urteetan zehar. Prozesu horretan emaitza gisa, ikerlerro edo ikergai zerrenda bat lehenetsi zen.
Bestalde, EHUko Mikel Laboa Katedrak zereginen artean du artearen eta folklorearen adierazpenei buruzko zein euskal artisten obrari buruzko doktore-tesiak sustatzea eta, bertsolaritzari (musikari eta dantzari bezala), arreta berezia eskaintzen dio.
Guzti hau kontutan izanik, elkarlanean, bertsolaritzaren ikerkuntza sustatu asmoz, lehenengo ikerketa-kontratua esleitu zein iaz. Miren Artetxe bertsolaritzaren transmisioari buruzko ikerketa lan bat burutzen ari da egun: "Bertsolaritzaren transmisioa eta euskararen gune sinbolikoaren sendotza. Ipar Euskal Herriko gazteen hizkuntz identitate eta portaerak" ikerketa proiektua hain zuzen ere.
Juan Kruz Igerabiden hitzetan antropologia ikuspegia aukeratu du Artetxek baina hainbat alorretako ikerketak gauza daitezke.
Aurtengo deialdian doktoregaiak hautatuko du zein ikuspegitatik aztertuko duen bertsolaritza baina epaimahaiak kontutan izango ditu Bertsolaritzaren Ikerketa Plan Estrategikoan lehenetsitako iker-lerroak.
Aukeratutakoak doktorego aurreko urte beteko kontratu bat lortuko du, beste hiru urtez luzatzeko modukoa.
Eskariak aurkezteko epea 2014ko irailaren 12a arte luzatuko da.
Deialdiari buruzko informazio osoa eskuragarri duzue.
Prentsaurrekoan hartutako irudiak www.bertsoa.com atarian daude ikusgai.