Bertsolaritzaren transmisiorako sareaz, "Sormenean hezi, kulturan bizi II" jardunaldietan

2021/11/18
Jardunaldion laugarren eta azken saioa izango da Azpeitian, larunbatean. Kulturgintza sozializatzeko espazioen inguruko mahai-inguruan hartuko du parte Bertsozale Elkarteko Estibalitz Esteibarrek.

Euskal kulturgintzaren transmisioaren inguruko kezka plazaratu, iritziak eta esperientziak partekatu eta transmisio hori ziurtatzeko espazioak eragin asmoz antolatu ditugu Sormenean hezi, kulturan bizi II jardunaldiak, UEUrekin, Ahotsenearekin, Oinherrirekin eta Azpeitiko Udalarekin batera, eta Larraldearen, Aiaraldea Ekintzen Faktoriaren eta Lesakako Udalaren laguntzarekin.

Larunbatean izango da jardunaldion laugarren eta azken saioa; Senperen, Laudion eta Lesakan aritu ondoren, Azpeitian elkartuko gara parte-hartzaileak. Sanagustin kulturgunean izango da hitzordua, 9:00etatik aurrera. Kulturgintza sozializatzeko espazioen inguruko mahai-inguruak itxiko du saioa, eta han hartuko du parte Bertsozale Elkarteko komunikazio arduraduna den Estibalitz Esteibarrek. Bertsolaritzaren transmisiorako Bertsozale Elkarteak egun Interneten eskura jarri dituen erremintak izango ditu hizpide (www.bertsoa.eus, bdb.bertsozale.eus, bertsoeskola.eus...), besteak beste.

Ahots Baten eta Ahostegunak

Aurretik, gazteak eta kulturgintzaren transmisioari buruzko mahai-ingurua izango da, eta han hartuko du parte Leire Amenabarrek. Mintzola Ahozko Lantegiak duela zenbait urte sortu zituen Ahostegunak eta Ahots Baten sormen topaketen esperientzia kontatuko du, topaketok antolatzen dituen taldean aritu eta dabilenez gero. Aste honetan bertan iragarri bezala, Mintzola azkentze prozesuan badago ere, aurten Bertsozale Elkartearen eta Euskaltzaindiaren bidez gauzatuko da Ahots Baten sormen egonaldia.

Jardunaldien azken saio honetan izena emateko eta argibide gehiagorako, sakatu hemen.

bertsoeskola.eus da bertsolaritzaren transmisiorako tresna horietako bat.