Bertsolaritzaren prosodiaz, Hitzetik Hortzeran

2024/11/14
Ainhoa Aizpurua ikertzailea elkarrizketatuko dute aste honetako programan. Bilboko eta Gasteizko bertsoaldiez gozatzeko aukera ere izango da: larunbat gauean, ETB1en.

Bertsolaritza eta prosodiari buruzko tesia egin du Ainhoa Aizpuruak: Euskarazko bat-bateko bertsoen erritmoa: Silabatzea, erritmo-ereduak eta taldekatzea izenekoa. Ikerketa luzea izan da Aizpuruak egin duena eta prozesuari buruz hitz egingo du aste honetako Hitzetik Hortzeran, Mirari Martiarenarekin.

Hainbat bertsolariren kantaera aztertu du eta ikerketa egiterakoan erreparatutako xehetasunak izango dituzte hizketagai. Ikerketaren ondorio nagusiei buruz ere hitz egingo dute, baita bertsolaritzari eta bertsolariei egin diezaiekeen ekarpenari buruz ere.

Aizpuruak bertsolaritzari buruzko ikerketa egiteaz gain, aspalditik du lotura bertsoarekin: Gasteizko bertso-eskolako kidea da eta Arabako Bertsolari Txapelketan epaile lanetan ere aritu izan da. Lan horietan nola sentitzen den ere kontatu du.

Bilboko eta Gasteizko jaialdiak

Hiriburu bitako saioetan egongo gara aste honetan. Hasteko, Bilboko Azkuna Zentroan egin zen lehen bertso-saio espekulatiboko bertsoaldiak izango dira aste honetako programan. Leire Vargasek egin zituen gai-jartzaile lanak eta kantuan aritu ziren Miren Amuriza, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi.

Jarraitzeko, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan egindako bertso jaialdiko bertsoak entzuteko ere aukera izango dute Hitzetik Hortzerako ikus-entzuleek. Aroa Arrizubieta, Haira Aizpurua, Jone Uria eta Sustrai Colinak egin zuten bertsotan eta gai-jartzaile lanetan aritu zen Irati Martinez.

Itinerantzian, Xabat Galletebeitiaren sorta musikatua

Programa amaitzeko Xabat Galletebeitia bertsolariak kantatu ta Manex Pagola musikariak musikatuta sorta musikatua izango dugu. Itinerantzian du izena sortak eta erritmo alaiz jantzita aurkeztuko digute Galletebeitiak eta Pagolak.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.