Bertsolaritzaren presentzia mediatikoa aztergai, Hitzetik Hortzeran

2020/01/16
Antxoka Agirre ikertzailearen doktore tesia aletuko dugu igandeko programan. 1823-2018 urte bitartean, bertsolaritzak komunikabideetan izan duen bilakaera ikertu du eta baita mugimenduaren eragiletzaren historia ere. Bertsoaldiak ez dira faltako: Elgoibarren, Elizondon, Ondarroan eta Oiartzunen izandako saioak entzungo ditugu. Igandean, 15:00etan, ETB1n.

Historian zehar izandako aldaketak aztertzeko leiho ona dira hedabideak. Egunkarietako paperek eta irrati uhinek garai bateko errealitate zatitxo bat gordetzen dute. Horiek ondo aztertzeak gaurkoari begiratzeko dugun modua alda dezake. Antxoka Agirrek bertsolaritzak azken bi mendeetan komunikabideetan izan duen presentzia ikertu du. Igandean, Hitzetik Hortzeran, zerekin topo egin duen jakingo dugu.

1823-2018 denbora tartea zergatik aukeratu duen azalduko digu Agirrek, eta hedabideetan bertsolaritzaren presentziak zer nolako bilakaera izan duen galdetuko diogu. Era berean, gertaera hori eragin duten norbanakoak aztertu ditu; zentzu horretan, azpimarragarriena zer izan den azalduko digu.

Jon Barberenaren omenezko betso saio literarioa

Elizondon bertso saio literario goxoa eta hunkigarria izan zen. Jon Barberenak gidatutako saioa izan behar zuena, bere omenezko saio bihurtu zen. Haren poemetatik abiatutako gaiei kantatu zieten Alazne Untxalok eta Julio Sotok, Dani Martiarenak gidatuta. Saioko bertsoaldi onenak ikusiko ditugu igandeko programan.

Gabonetan eta urte hasieran izan diren Elgoibarko, Oiartzungo eta Ondarroako bertso jaialdiak ere entzungo ditugu igandeko programan. Hitzetik Hortzera, igandean, 15:00etan, ETB1en; eta astelehenetik aurrera EITB Nahieran atarian.

Antxoka Agirrek bere ikerketaren berri emango digu.