Bertsolaritzaren liburutegia sarean jarri du Xenpelar Dokumentazio Zentroak

2017/01/20
500 liburu eta artikulu baino gehiago beha daitezke online. Bertsolaritzaz gain, ahozkotasunari eta munduko kantu inprobisatuari buruzko material ugari bildu du liburutegiak.

Bertsolaritzari buruz argitaratutako liburu eta aldizkariekin, 1991tik aurrera liburutegia antolatu du Xenpelar Dokumentazio Zentroak; ordutik hona lan ugari bildu dira, bai bertsolaritzaren inguruan eta baita ahozkotasunaren eta munduko kantu inprobisatuen inguruan ere.                                          

Liburutegian jasotako ikerketa eta bestelako lanak edozeinen eskura daude dokumentazio zentroan bertan, baina orain arte, baliabide faltagatik, ezin izan da Interneten ikusi liburutegiari buruzko informaziorik. Azkenean, aurten lortu da liburutegiko katalogoa Bertsolaritzaren Datu-Basean txertatuta interneten erakustea. Hemen, liburutegia kontsultagai.

Bertan bertsolaritzari buruz idatzi den gehiena aurkitu ahal izango da. 548 liburu eta artikulu interneten bertan irakurtzeko eran daude eta gainerakoak, paperezkoak, dokumentazio zentroan kontsulta daitezke. 

Munduko kantu inprobisatuen inguruko argitalpenak biltzeko ahalegina ere egin da. Munduan zehar bidaiatu duten bertsozaleen laguntza ezinbestekoa izan da liburutegian eskaintzen diren hainbat herrialdetako kantu inprobisatuei buruzko liburuak eskaini ahal izateko. Guztira, ia 6.600 lanei buruzko datuak eskaintzen dira.

Informazio gehiago, Mintzolaren atarian argitaratutako albistean

Xenpelar Dokumentazio Zentroak garatutako liburutegia.