Bertsolaritzaren inguruko ikerketak ezagutu ditugu
Ikerketaren mundua zenbaitetan urruna eta zurruna egiten zaio jardun horretan ez dabilenari, baina Amasa-Villabonan bildu ziren ikertzaileak oso modu ulergarrian aurkeztu zuten beren doktore-tesietarako ikergaia. Miren Artetxek, Oihana Iguaranek, Eñaut Agirrek eta Ainhoa Aizpuruak bertsolaritzari loturiko ikerketak dituzte abian eta horiek aurkeztu zituzten pasa den ostegunean Mintzolak antolatutako hitzorduan.
Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak zein Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzak babestutako doktore-tesiak garatzen ari dira ikertzaile hauek. Miren Artetxek hiru erakundeon artean egindako lehen deialdiko ikerketa-kontratua eskuratu zuen: Iparraldeko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza portaera eta, batez ere, horren gainean gazteok duten diskurtsoa aztertu du eta bertso-eskolak horretan duen eragina.
Aurtengo deialdiko kontratuak lortu dituzte Oihana Iguaranek eta Eñaut Agirrek. Lehenak hedabideek sortzen duten albistearen eta bertsoaren baitan sortzen den diskurtsoaren arteko harremana ikertuko du; bigarrenak, aldiz, garai bateko bertsolarien eta egungoen ahozko ezaugarriei erreparatuko die.
Ainhoa Aizpuruak UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak banatutako kontratuari esker garatuko du bere tesia, Bertsolaritzaren prosodia.
Lau ikergaiak aurkeztuta, bertso zaharren emanaldia eskaini zuen Eñaut Agirrek Imanol Kamio musikariaren laguntzaz eta, gero, bertsotan aritu ziren librean Miren Artetxe eta Oihana Iguaran. Doktore-tesi hauez gain, gogoratu behar da proiektu-sarien deialdia egin zutela Mintzolak eta Laboa Katedrak elkarrekin eta hura medio beste hiru proiektu ere abian direla, Ane Labaka, Itziar Navarro eta Xumai Murua ikertzaileen eskutik.
Ikerketen inguruko azalpen gehiago topatuko dituzue www.mintzola.eus atarian.