Bertsolaritzaren doinutegiaz, Herri Musikaren Jardunaldietan

2021/11/09
Azaroaren 19tik 21era gauzatuko dira Donostian, Errenterian eta Oiartzunen; Bertsozale Elkarteko doinutegiaren egitasmoak lehen egunean izango du egitarauan bere lekua.

Kantutegiak eta Errepertorio Herrikoiak izenburupean egingo dira Herri Musikaren 19. Jardunaldiak. Kantutegien eta errepertorio herrikoien bilketa, transkripzio, azterketa eta sailkapenari loturiko lanen eta arazoen inguruan ariko dira parte-hartzaileak; tartean, Bertsozale Elkartearen baitan garatutako bertsolaritzaren doinutegia ere izango da mintzagai.

Egitasmo hau ontzen aritzen da soldatapeko zenbait kidez eta beste zenbait boluntarioz osatutako talde bat, eta hango ordezkaritzak emango ditu proiektuaren inguruko xehetasunak. Bertso plazan ateratzen diren doinu berriak identifikatu, jaso, izendatu eta sailkatu, partitura eta MIDIa egin eta berriro ere erabiltzeko eta entzuteko moduan gordetzen dira Xenpelar Dokumentazio Zentroak garatutako BDB Bertsolaritzaren Datu Basean. Egitasmoaren inguruko xehetasun gehiago Bertsoa.eus atarian egindako erreperotaje honetan topatuko dituzue.

Azaroaren 19an, ostiralez, izango da bertsolaritzaren doinutegiari buruzko hitzaldi hau Donostiako Musikenen. Egun horretan hasiko da egitaraua, eta igandera arte izango da zer entzun eta zer ikasi, Donostian, Errenterian eta Oiartzunen; izan ere, herri horietan kokatutako Musikenek, Eresbilek eta Soinueneak antolatu dituzte jardunaldiak eta hiru lekuotan egingo dira.

Galiziako, Kataluniako eta Euskal Herriko kantutegien biltzaileak izango dira: musikari, ikasle, irakasle, ikertzaile eta publiko interesdunari zuzenduriko saio hauetan, egungo etnomusikologian oraindik ere eztabaidagai diren gaiak landuko dira.

Parte hartzeko izena eman behar da azaroaren 11 baino lehen. Hemen duzue informazio gehiago.

Azaroaren 11era arte eman daiteke izena jardunaldietan.