Bertsolaritza eta ideologia hizpide

2015/07/08
Bertsoa Unibertsitatean zikloaren baitako bigarren ikastaroari eman zaio hasiera gaur: Bertsolaritzaren bidegurutzeak.

Ideologiatik, transmisiotik eta ikerkuntzatik erreparatuko dio bertsolaritzari, gaur hasi berri den Bertsolaritzaren bidegurutzeak hiru eguneko ikastaroak. Bertsoa Unibertsitatean eskolan programatutako bigarren ikastaroa da hau.

Ideologiaren ikuspegia jorratu dute lehen egunean Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok eta Jexux Muruak. Andoni EgañaTelefonotik mikrofonora izeneko hitzaldia eskaini du; telefonoz saio baten eskaintza jaso, baiezkoa eman eta saiora iristean egin beharreko egokitzapenaz aritu da bertsolaria. Saio baten eskaintzaren haritik sortzen diren poza eta zalantzak azaldu ditu: “Bi galderaren inguruan egiten duzu hausnarketa: gai izango ote naiz nahi duten hori eskaintzeko? eta asebeteta itzuliko ote naiz?”. Saioari baiezkoa eman ostean, bertsolariari min egin dakiokeenaz ere jardun da Egaña: besteak beste, eskaintza egitearekin batera, bertsolariari testuingurua ongi, osotasunez, azaltzen ez zaionean. Saioko testuingurua zurea ez izan arren, saioa onartu, egin eta igorri nahi duzun mezua helarazteko helburua betetzen baduzu asebeteta senti zaitezkeela ere aipatu du, izan ere, zenbaitetan "eleganteki ziria sartzeko aukerarik onena izan daiteke” eta hala, eliza batean agintarien aurrean gertatutako pasarte bat berreskuratuz, “nire ideologia transmititzeko lekurik onena pulpitoa dela konturatu naiz" adierazi du.

Gaiari jarraipena eman dio segidan Maialen Lujanbiok, saioetan jokoan sartzen den ideien mundua aintzat hartuz. “Egoera zein den eta zure hitzen eraginkortasuna nondik lortuko den” aztertu ohi du bertsolariak, izan ere, “esan gabe esatearen artea ere bada bertsolaritza”.

Bertsozale Elkartearen esperientzia hurbildu du azkenik Jexux Muruak, elkarteko koordinatzaile ohiak. Elkartearen nortasuna azaltzeko, berak esparru pertsonalean bizitakoa jarri du mahai gainean. “Gaztetan, baserrian ginenean, jende asko biltzen ginen. Ideologia politiko ezberdinekoak agian baina bertsolaritza bazen denen interesgune eta batzen gintuena”; modu berean, adierazi du bertsozaletasuna dela elkartea biltzen duena, “umiltasun eta ardura handiz” lan eginez, eta “egiten ari ginen horretan sinetsiz eta harremanetan besteekiko posizio parekidea hartuz”. Ibilbide horretan Elkarteak gainditu behar izan dituen tentsiogune eta oztopoak azaldu ditu Muruak.

Transmisioak hartuko du hitza bihar

Bertsolaritzaren bidegurutzeak ikastaroak jarraipena izango du bihar, horretarako transmisioaren ikuspegia aintzat hartuz. Jon Sarasua, Joseba Tapia eta Estitxu Eizagirre izango dira hizlari.

Jexux Murua eta Karlos Aizpurua