Bertsolaritzak izango du bere tokia Durangoko Azokan

2015/12/01
Bost emanaldi eta hiru argitalpen berri izango dira. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalerako sarrerak ere eskuragai izango dira.

Aurten ere Durangoko Azokan aurkituko duzue Bertsozale Elkartearen eta Lankuren standa: Landako guneko Goienkale 46an izango gaituzue.

Argitalpen ugari izango dira bertan. Ikus-entzunezkoetan, Eneko Dorronsororen Xalbador: Izena eta izana dokumentalaren DVDa izango da gure erakusmahaian. Lau hizkuntzatan ditu azpitituluak (euskara, frantsesa, gaztelera eta ingelesa). Eneko Dorronsoro han izango da sinatzen, abenduaren 5ean, 12:00-14:00 eta 16:00-18:00.

Musikari dagokionean, bertan izango dira 2zio taldearen Bideak azken lana, Igelaren banda taldearen Debaldeko festa diskoa, eta Garikoitz Mendizabal eta Aitor Furundarenaren Bi poliedro lana.

Liburuen arloan, Xabier Amuriza bertsolariaren Mañukorta bertsonajea liburuaren bigarren argitalpena izango da. Amuriza bera ere standean egongo da aleak sinatzen, abenduaren 6an eta 7an eguerdi aldera.

Horiez gain, bertsolaritza munduko beste argitalpenak izango dira eskura. Bestalde, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalerako sarrerak izango dira salgai: bazkideek 15 euroan izango dituzte, gazteek 10 euroan eta gainerakoek, 20ean.

Bost ekitaldi ere izango dira, lau Ahotsenean eta bat Saguganbaran. Honela izango dira hurrenez hurren:

Ahotsenean:

  • Abenduaren 5ean, 11:30ean, Fernando Anbustegi eta Julio Sotoren Istorio trukean.
  • Abenduaren 6an, 11:30ean, Garikoitz Mendizabal eta Aitor Furundarenaren Bi poliedro.
  • Abenduaren 7an, 17:00etan, Miren Amurizaren Kapulana bat zintzilik.
  • Abenduaren 8an, 12:30ean, Andoni Egaña eta Xabier Lizasoren Garai hura gara.

 Saguganbaran: 

  • Abenduaren 7an, 17:00etan, Fernando Anbustegiren Kontu eta kantu ipuin kontakizuna.

Durangoko Azokan izango gara abenduaren 4tik 8ra