Bertsolaritzak ere hasi du ikasturtea

2016/10/05
400 ikastetxek baino gehiagok egin dute bat "Gu ere bertsotan" egitasmoarekin eta 25.000 ikaslek landuko dute bertsolaritza 2016-2017 ikasturtean.

Udan hainbeste jaialdi eta bertso-saiotan parte hartu arren, ajerik gabe eta indartsu hasi du bertsolaritzak ikasturte berria.

Euskal Herrian zehar barreiaturiko bertsozale elkarteen bidez lurralde guztietara iritsiko da bertsolaritza hezkuntza arautura; hala, 400 ikastetxe baino gehiagotan jorratuko da ahozko kantu inprobisatua eta 25.000 ikaslek landuko dute. Horretarako, irakasle lanetan dabiltzan bertsolariak ikasgelaz ikasgela ibiliko dira Gu ere bertsotan egitasmoa duten ikastetxeetan.

Bertsolaritza gustuko duten ikasleek, noski, beti izango dute bertsotan gehiago murgiltzeko aukera tokian tokiko bertso-eskolen bitartez. Horietan ere ikasturtea hasiberria da, eta hemen duzu zure inguruko bertso-eskolak ezagutzeko informazioa.

Material berria

Ikasturte honetarako, bizkar-zorroan material berria dakar bertsolaritzak. Bertsozale Elkarteko irakasleen ekarpenekin osatuta, liburu berria argitaratu da aurtengo ikasturterako: Mundu bat bertso argitalpena. Mirari Sagarzazu ilustratzaile eta bertsolariak egin ditu irudiak eta Lankuk argitaratu du ikas-materiala.

"Mundu bat bertso" argitalpena erabiliko dute ikasleek.