Bertsolaritza Piriniotan biziberritzen

2019/11/14
Aste honetako Hitzetik Hortzeran Pirinio inguruetako bertsolaritzaren egoera ezagutuko dugu. Han bertsoa berreskuratzen ari diren zenbait lagunekin elkartuko gara: Aimar Karrika, Karine Etxeberri eta Txentxo Hernandez. Bestalde, Iruñeko Bertsoaroak emandakoa ere izango dugu gozagai. Igandean, 15:00etan, ETB1en.

Hizkuntza bat ez da beti galtzen ez dakitenen edo dakitenen erabakiz; beste zenbait neurrik ere eragin dezakete galera hori. Eta euskara larri dabilen lekuan, bertsolaritzak ere ez du arnasarik bizirik irauteko. Zorionez, hainbat herri dira hizkuntzaren eta bertsolaritzaren biziberritzearen alde lanean ari direnak.

Igandeko Hitzetik Hortzeran lan horretan diharduten hiru pertsona ezagutuko ditugu. Urte askoren ostean, duela 13 urte Auritzen antolatu zuten jaialdiak bertsolaritzaren berreskuratzean garrantzia handia izan zuen. Ordutik, beste hainbat saio antolatu dituzte hango bertsozaleek: horietako bi dira Aimar Karrika auriztarra eta Txentxo Hernandez mezkiriztarra.

Gaur egun han euskarak duen egoerari buruz mintzatuko gara haiekin, eta, nola ez, bertsolaritzak duen osasun egoerari buruz ere galdetuko diegu. Biak elkartzen dira Pirinioaldeko bertso-eskolan, besteak beste, Bardoak taldekako txapelketarako prestatzeko. Bertso-eskolan sarri elkartu ohi zaie Karine Etxeberri. Karine, Urruñan bizi den arren, urepeldarra da jaiotzaz, bertsogintzak historia ezaguna duen eremukoa; hango egoera nolakoa den kontatuko digu.

Bertsoaldiak ere bai, noski

Durangon izandako jaialdian ereindako bertsoaldi sorta ikusteko aukera izango dugu igandeko programan; baita Iruñeko Bertsoaroaren baitan izandako bertso saioa ere.

Hitzetik Hortzera, igandean 15:00etan ETB1en; eta astelehenetik aurrera, EITB Nahieran atarian.

Karine Etxeberrirekin elkartu da Eider Perez.