Bertsolaritza Miramar jauregiko ikasgelan izango da aste honetan

2017/08/21
UPV/EHU Uda Ikastaroen baitan eta Mintzola Ahozko Lantegiaren eskutik eskainiko da "Bertsolarien kantaera eta sormena" ostegunean eta ostiralean Donostian.

Azken urteotan gertatu bezala, aurten ere bertsolaritzak bere tokia izango du UPV/EHU Uda Ikastaroen baitan. Mintzola Ahozko Lantegiak Bertsolarien kantaera eta sormena izeneko eskola antolatu du ostegun eta ostiral goizerako. Hiruna hitzaldi izango dira bi egunetan eta amaieran mahai-ingurua egingo dute hiru hizlariek.

Ostegunean, Ainhoa Aizpurua, Itziar Navarro eta Maialen Lujanbio ariko dira, eta ostiralean, Eñaut Agirrek, Oihana Iguaranek eta Jon Martinek hartuko dute hitza. Hizlari horietako zenbait bertsolaritzaren inguruko doktore-tesiak gauzatzen ari dira UPV/EHUko Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzei, Mikel Laboa Katedrari eta Mintzola Ahozko Lantegiari esker.

Azken momentuan izena eman nahi izanez gero, garaiz zabiltza, ikastaroa hasi arte matrikulatzeko aukera baitago honako lotura honetan bertan. Informazio gehiago, www.mintzola.eus atarian.

Ostegun eta ostiralean izango dira ikastaroa osatzen duten bi saioak.