Bertsolaritza lantzeko gure webguneetan dago "Aiztondoren zirtotsa"

2021/09/24
Bertso-eskoletan eta ikastetxeetan baliatzeko Bertsozale Elkarteak garatu zituen bertsoeskola.eus eta bertsoikasgela.eus webguneetan dago material didaktiko berria. Ikus-entzunezkoez osatutako lana Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak egin du, Kilometroek eta Mintzolak esleitutako lehen bekari esker.

Pasadizo umoretsuetan agertu ohi den bat-bateko erantzun laburra da zirtoa, erriman oinarritu ohi dena. Ikasketa prozesua oinarrizko unitate horretatik hasteak gerora bertsoa osatzeko gaitasunean lagundu dezakeela azaldu zuen Mikel Artolak, Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko kideak eta Aiztondoren zirtotsa ikerlanaren egileetako batek, pasa den uztailean lana aurkezteko agerraldian. Bertsoa osatzeko gaitasunak trebatzeko ez ezik, sormena, jendaurrekotasuna eta lankidetza eta dialektika lantzeko baliabide interesgarria da zirtoa, eta, hain zuzen, ematen dituen aukera horiek baliatzeko prestatu dute Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneko zenbait kidek Aiztondoren zirtotsa ikasmateriala. Orain lan hori eskura daukagu Bertsozale Elkarteak garatutako www.bertsoikasgela.eus eta www.bertsoeskola.eus atarietan.

Mikel Artolaz gain lanean aritu dira Beñat Iguaran, Haritz Mujika, Imanol Artola, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal. Ikus-entzunezkoetan jaso dituzte Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) zenbait zirto historiko eta baita beraiek sortutako zenbait berri ere, antzezlan labur moduan.

Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak elkarlanean ateratako ikerketa bekaren lehen emaitza izan da Aiztondoren zirtotsa: Aiztondoko zirto tradizioa eta aplikazio didaktikoa, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolak eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak babestuta.

Hementxe duzue Aiztondoren zirtotsa lana:

Zirto historikoak eta sortutako berriak jasotzen dira bideoetan.