Bertsolaritza ikertzeko deialdietara aurkezteko epea amaitzear dago
2021/09/20
UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak ahozko kultur sorkuntza ikertzeko bi deialdi dituzte esku artean; urriaren 20an amaituko da proiektuak eta lanak aurkezteko epea.
Uztailaren 20an irekitako epea, apurka-apurka, ari da bukatzen. Justu hilabete falta da UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatutako ikerketa deialdietara aurkezteko epea amaitzeko.
Unibertsitateko edozein jakintza alorretatik abiatuta, ahozko kultur sorkuntzaren gaineko ikerketa sustatzea da helburua; tartean, bertsolaritza.
Batetik, oraindik garatu gabe dauden lanak egiteko 2.000 euroko ikerketa proiektu sari bat dago banatzeko; eta bestetik, azken bi ikasturteetan defendatutako Gradu Amaierako Lanentzat 500 euroko saria eskaintzen da.
Xehetasunak Mintzolako eta Mikel Laboa Katedrako webguneetan daude.