Bertsolaritza ikertzeko beka deialdia zabalik

2013/06/11
Bertsozale Elkartearen Ikerkuntza planean ageri diren ikergaiak aztertuko ditu aukeratzen den proiektuak. Mikel Laboa Katedrak, EHUko Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzek eta Mintzolak jarri dugu martxan deialdia.

Gaur egin da aurkezpena Villabonako Subijana Etxean. Bertan izan dira Iñaki Murua Bertsozale Elkartetik, Jesus Mari Makazaga EHUko Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzetatik, Juan Kruz Igerabide Mikel Laboa Katedratik eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldunditik. Iñaki Muruak azaldu duenez, "lehenengo aldia da bertsolaritzari buruzko doktorego tesia emateko gai garena". Bertsozale Elkartearen Ikerkuntza Planean ageri diren ikergaietan oinarritu beharko du tesia egiten duen ikerlariak. Ikerketa Ekintza Parte-Hartzailearen bidez eta urtebeteko prozesu baten ondoren osatu zen Ikerkuntza Plana, eta bertsolaritzaren inguruan dabiltzan 100 eragile eta aditu baino gehiagok hartu zuten parte prozesuan. Aurtengo deialdirako lau iker-lerro proposatu dituzte:

-Bertsozaletzeko arrazoiak eta mekanismoak ikertu adin ezberdinetan eta tokian tokiko ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartuz
-Herrialdeko BEren eskutik hezkuntza arautuan, bertso-eskoletan eta aisialdian egiten den lanaren metodologiaren eta emaitzen azterketa
-Bertsolaritzaren transmisio modu guztien azterketa: formala, ez-formala eta informala
-Bertsolaritzaren transmisioak hezkuntzako zein gizarteko esparru ugaritan egin dezakeen onura eta ekarpena aztertzea

Kontratu deialdiari buruzko informazioa osoa hemen topatuko duzu.

Prentsaurrekoan hartutako irudiak bertsoa.com atarian daude ikusgai.

Jesus Mari Makazaga, Iñaki Murua, Zigor Etxeburua eta Juan Krux Igerabide gaurko prentsaurrekoan