Bertsolaritza ikertzeko aukera, Kilometroen eta Mintzolaren eskutik
Iaz Pello Mari Otaño Ikerketa Bekarekin izandako emaitzarekin gustura, aurten ere ikerketa beka deitu dute Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak. Ahozko ondarea biltzeko, ikertzeko eta ezagutzera emateko helburu du deialdiak; bertsolaritza mami duten ikerketa proposamenak ere ongietorriak izango dira, beraz.
Goierri eskualdeko (Gipuzkoa) ahozko ondarea ikertzeko proposamena egiten dutenentzat da deialdia, hain zuzen, hango zenbait ikastolak hartu baitute aurtengo Kilometroak antolatzeko ardura: Beasaingo Andramendi, Ordiziako Jakintza eta Lazkaoko San Benito ikastolek eta Gerriko Kultur Elkarteak babesten dute ikerketa deialdia.
3.000 euroko saria eskuratuko du hautatutako ikerketa proiektuaren egileak edo egile taldeak, ikerlana urtebeteko epean garatzeko.
Ekainaren 30erako aurkeztu behar dira proposamenak. Deialdiari buruzko xehetasunak hemen topatuko dituzue.