Bertsolaritza eta sukaldaritza oholtza berean, Hitzetik Hortzeran

2020/10/29
Bertsoa Sutan emanaldira, Chillida Lekura, joango gara. Plater baten sormen prozesua eta bertso saio batena uztartuko dira, bi sukaldari, bi bertsolari eta gai-jartzaile baten lanari esker. Adi, aste honetan Hitzetik Hortzera igandean izango da, 15:00etan.

Aste honetako Hitzetik Hortzera dastatu ere egingo dugu: bertsolaritza eta sukaldaritza elkartu ziren Chillida Lekun, Bertsoa Sutan emanaldi berezian, eta hango zapore, errima eta bizipenak eramango ditugu zuen etxera. Jakin nahi bertsolariak sukalderaino sartu diren edo sukaldariak igo diren oholtzara?

Zaporeak izango dira igandeko programako gidari, eta bidelagun izango ditugu Aitzol Zugasti eta Maialen Cano sukaldariak, Andoni Egaña eta Oihana Iguaran bertsolariak eta Maite Berriozabal gai-jartzailea. Umamia edo bosgarren zaporea izango dugu jomuga. Dastatzeko prest?

Igandean izango da aste honetako Hitzetik Hortzera, 15:00etatik aurrera, ETB1en.

Bertso mokaduak, Hernani eta Zumaiatik

Aitor Odriozola Altzako bertso-eskolako kideak aurkeztuko du aste honetako bertsoaldi kutuna, eta 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiraino eramango gaitu; zein bertsoaldi gogoraraziko ote digu?

Eta Chillida Lekuko saioko bertsoaldiez gainera, Zumaiako jaialdikoak ere berreskuratuko ditugu.

Gogoratu: igandean, 15:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en; eta, edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Maialen Cano eta Aitzol Zugasti aritu ziren sukaldean, Bertsoa Sutan emanaldian.