Bertsolaritza erdalgunean, Hitzetik Hortzeran

2025/04/09
Oihane Perea eta Uxue Diaz de Cerio elkarrizketatuko ditugu aste honetako programan. Horrez gain, Astigarragako bertsoaldiak eta Arabako Kuadrillarteko finalekoak ere eskainiko ditugu larunbatean, ETB1en.

Euskal kulturaren eragiletzan Etengabeko Prestakuntzako Masterra egin dute Uxue Diaz de Cerio eta Oihane Perea Arabako Bertsozale Elkarteko langileek. Master bukaerako lan bezala Arabako bertsolaritzari begira jarri ziren, eta Bertsolaritza erdalgunean, iraganeko gakoak eta egungo egoera. Arabako esperientziatik abiatua, etorkizunerako proposamen bat izenburuko lana ondu dute.

Master amaierako lanari buruz hitz egiteko elkartuko dira Uxue Diaz de Cerio eta Oihane Perea Mirari Martiarenarekin. 80. hamarkadatik hona, euskararen eta bertsolaritzaren bilakaera zein izan den abiapuntutzat hartuta, mahai gainean jarriko dituzte Arabako bertsolaritza geroratzeko indarguneak, ahulguneak eta aukerak. Tartean dira, adibidez, helduen bertso eskolak edo herrialdean Aramaiok duen garrantzia.

Arabak herrialde bezala dituen berezitasunak kontuan hartuta, etorkizunera begira atera dituzten ondorioen berri ere emango dute Diaz de Ceriok eta Pereak larunbat gaueko programan.

Astigarraga eta Gasteizko saioak zein sorta musikatua

Elkarrizketaz gain, bertsoak entzuteko aukera ere izango da Hitzetik Hortzeran, astero bezala.

Alde batetik, Irantzu Idoateren bertso musikatuak ere izango dira. Antsietateari buruzko sorta kantatuko du Idoatek, Manex Pagola musikaria lagun duela.

Beste alde batetik, Astigarragako eta Gasteizeko saioko bertsoak ere entzun ahal izango ditugu.

Astigarragan Kronika egunkariaren 25. urteurrenaren harira bertso jaialdia antolatu zuten eta bertan izan zen Hitzetik Hortzerako lan taldea. Aritz Zerain izan zen gai-jartzailea eta kantuan aritu ziren Agin Laburu, Andoni Rekondo, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio eta Unai Agirre.

Gasteizen egin zen Arabako Kuadrillarteko finaleko bertsoaldiak ikusteko aukera ere izango da. Pinto pintto taldea eta Gorbeialde taldea aritu ziren finalean kantuan. Pinto pintto taldea Amaia Iturriotz, Ekaitz Samaniego, Eli Zaldua, Paula Amilburu eta Xabier Antiak osatu zuten. Gorbeialdea taldea, berriz, Aitor Jimenez, Gari Sarriugarte, Irati Anda eta Manu Bendalak. Gaiak jartzen Irati Martinez aritu zen.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.