Bertsolaritza beste zenbait kultur diziplinarekin batera

2021/10/19
Urriaren 24an amaituko da Ahostegunak ekimenean izena emateko epea. Lau ostegunetan elkartuko dira gazte sortzaileak kulturaz gozatzeko eta esperimentatzeko. Bertsozale Elkartearekin lankidetzan antolatu dute hirugarren edizio hau Euskaltzaindiak, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak.

Antzerkian, bertsolaritzan, kantagintzan, literaturan... euskarazko ahozko sorkuntzan ari diren Euskal Herriko gazteak elkartzen ditu Ahostegunak ekimenak, gazteon arteko harreman sareak egiteko eta kultur esperimentaziorako tartea eskaintzeko. Ez hori bakarrik: izena ematen duen lagun taldearekin batera parte hartzen dute kultur diziplina horietan aditu diren hainbat sortzailek.

Ahostegunak: eman izena hemen!

Aurreko bi edizioetako emaitza onaren ondoren, hirugarrenez antolatu da; Bertsozale Elkartea ere antolatzaileen artean da, Euskaltzaindiarekin, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin eta Mintzola Ahozko Lantegiarekin batera.

Urriaren 28tik azaroaren 18ra bitarte egingo da, ostegunetan, 16:00etatik 19:00etara. Euskaltzaindiak egoitza duen Tolare baserria izango da topagune, UPV/EHUko Gipuzkoako campusaren aldamenean. Zaletasun bera duten gazteekin esperientziak eta iritziak partekatzeaz gain, diziplina horietan aditu direnekin solasean egiteko aukera ere izango dute partaideek: Ane Labaka bertsolaria eta Maite Berriozabal gai-jartzailea izango dira azaroaren 4ko saioan, baita Intza Alkain aktorea ere. Azaroaren 11n, Joseba Larratxe komikilariaren eta Miren Narbaiza musikariaren txanda izango da.

18 eta 22 urte bitarteko sortzaileei zuzendutako ekimena da; interesdunek urriaren 24ra arte izango dute izena emateko aukera. Bizkor ibili!