Bertsolaritza, aurten ere, Durangoko Azokan

2016/11/07
Bertsozale Elkartearen eta Lanku Kultur Zerbitzuen eskutik bertsolaritzak bere tokia izango du Durangoko Azokan; Goienkaleko 41.ean izango da, eta ekoizpen berriak, berrargitalpenak eta bertsolaritzari loturiko materiala izango dira bertan. Gainera, Lankuk bideratutako emanaldiak ere izango dira azokan.

Durangoko Azokaren baitan eta argitalpenei dagokionez, lau nobedade topatu ahal izango dira aurten Bertsozale Elkartearen eta Lanku Kultur Zerbitzuen mahaian, Goienkaleko 41.ean: tartean, 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako liburua izango da eskuragai.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015 liburu eta CDan Gipuzkoako Txapelketako fase ezberdinetako bertsoen hautaketa zabala jaso da. Txapelketan parte hartu zuten bertsolari guztien bertsoak ageri dira eta finala oso-osorik aurki daiteke. Liburuan dauden bertso guztiak daude audio formatuan.

Gainera, Hiztegi Errimatuaren berrargitalpena, Jasota bezala bertso antologiaren hirugarren alea eta Mundu bat ahoz aho dokumentala izango dira salgai.

Xabier Amurizaren Hiztegi Errimatua. Hitzaren Kirol Nazionala bertsolaritzan erreferentea den liburua da eta aspaldi agortu zen. Bertsolari zein bertsozale askok eskatzen duten produktua izanik, berriro argitaratuko dugu eta Durangoko Azokan izango da eskuragarri. Hirugarren edizio honi Andoni Egañak egingo dio hitzaurrea eta azalaren aldetik ere itxura berrituta etorriko da.

Diskoen atalean, Jasota bezala bertso antologien bilduman, Xabier Amurizaren bertsogintzari egingo zaio lekua, bat-bateko bertsogintza uzteko erabakia hartu baitu aurtengo maiatzean. Xabier Amurizaren bertsoz jantzitako disko bikoitza aterako da, CD batean plazan egindako bertsoak jasoko dira eta bestean, txapelketetan jarritakoak.

Mundu bat ahoz aho dokumentala jasotzen duen DVDa ere Durangon izango dugu. Euskal Herrian ez ezik munduan zehar hainbat kulturatan errotuta dago inprobisazio kantatua eta horiek gertuagotik ezagutzeko parada eskainiko digun munduko kantu inprobisatuari buruzko dokumentala jasotzen da DVD honetan. Mintzola Ahozko Lantegiak garatu eta Lankuk ekoitzi du dokumentala.

Bestalde, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako sarrerak izango dira eskuragai.

Argitalpen horietaz gain, bertsolaritzari lotutako bestelako materiala ere izango da Goienkaleko 41.ean eta Bertsozale Elkarteko bazkideek deskontua izango dute salgai ditugun produktuetan.

Emanaldiak ere bai

Durangoko Azokaren baitan dauden hainbat gunetan emanaldiak eskainiko dira Lankuren eskutik; hartu agenda eta gorde egunak!

ABENDUAREN 3an
Irudienea
11:30 Mundu bat ahoz aho dokumentalaren proiekzioa

12:30 Mahai-ingurua: Bertsoaren aukerak eta ezinak ikus-entzunezkoetan
13:00 Mugaminak dokumentalaren proiekzioa

ABENDUAREN 4an
Ahotsenea 

11:30 Oholtza performancea. Beñat Krolem, Jone Uria eta Jon Martin

ABENDUAREN 5ean
Ahotsenea 

17:00 Testurak emanaldia. Ane Labaka, Malen Amenabar, Nerea Elustondo eta Oihana Bartra

ABENDUAREN 6an
Areto Nagusia
11:00 Hiztegi Errimatua. Hitzaren Kirol Nazionala berrargitalpenaren aurkezpena, Xabier Amurizaren eskutik
Saguganbara
11:30 Kutxaka. Ipuina eta marrazkia

 

Argitalpen zein emanaldien inguruko informazio gehiagorako, sartu www.lanku.eus atarira.

Goienkaleko 41.ean izango gara Bertsozale Elkartea eta Lanku aurten.