Bertsolaritza, Ahots Baten sormen egonaldian

2019/11/04
Euskarazko beste zenbait ahozko kultur sorkuntzarekin uztartuko da bertsolaritzaren lanketa eta gozamena bosgarren urtea duen egonaldian. Amets Arzallus eta Onintza Enbeita batuko dira taldera egun horretan.

Abenduaren 26tik 30era bitartean egingo da Ahots Baten sormen egonaldia Azkoitiko Abaraxka aterpetxean, Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Ikastolen Elkartearen eskutik.

Bosgarren urtea du euskarazko ahozko kultur sorkuntzak biltzen dituen egonaldi honek: egun bakoitzean adierazpide bat lantzen dute han elkartutako gazteek eta aurten bertsolaritzak ere izango du bere lekua. Gainera, sorkuntza bakoitza aditu batekin landuko du taldeak, eta bertsolaritzaren egunean Amets Arzallus eta Onintza Enbeita izango dira; Ainara Gurrutxaga aktorea, Iban Urizar "Amorante" kantaria eta Harkaitz Cano idazlea izango dira gainerako egunetan.

Izen-ematea irekita dago abenduaren 2ra arte. 15 eta 22 urte bitarteko gazte sortzaileek eman ahal izango dute izena.

Informazio gehiago, www.mintzola.eus atarian.