Bertsolarien etxeko hizkuntza errealitatea, Hitzetik Hortzeran

2019/11/07
Gero eta euskaldun gehiago dira euskara etxetik jaso ez dutenak, eta horien artean daude zenbait bertsolari ere. Igandeko programan bi bertsolariren etxeko hizkuntza errealitatea ezagutuko dugu: Aitor Servier eta Aitor Mendiluze. Horrez gain, ikusgai izango dira Durangoko eta Gasteizko saioak, eta baita Gernikan Jon Lopategiri egindako omenaldiko hautaketa ere. Igandean, 15:00etatik aurrera, ETB1en.

Hainbat modu daude hizkuntza batera gerturatzeko. Jaso daiteke etxetik, ikastetxean, edota gerora piztutako interes batek bultza zaitzake bere hitzak aletzera. Gurera ekarrita, euskaldun gazteen erdiak baino gehiagok ez du euskara etxetik jaso, eta horien artean daude zenbait bertsolari ere. Horietako birekin izango da aste honetan Hitzetik Hortzera.

Baionako Kalostrape ostatuan Aitor Servier bertsolari azkaindarrarekin egin dugu zita. Bere gurasoekin frantsesez aritzen da egunerokoan, eta ikastolan jaso zituen euskara eta bertsozaletasuna. Igeldon, berriz, Aitor Mendiluze bertsolari andoaindarrarekin elkartu gara. Ama Burgoskoa izanagatik, berak eraman zuen lehen aldiz bertso-eskolara. Etxean bertsolari izaera nola bizi duten azaldu digute, eta lagunartean guraso erdaldunak izanagatik sumatu dituzten erreakzioei buruz ere hitz egin dute. Batzuetan badirudi bertsolaritza “euskaldun zaharra” izatearekin lotzen dela: nola hartzen ditu bertso munduak hiztun hauek? Laguntzen die, edo zalantzan jartzen ditu?

Durangoko, Gasteizko eta Gernikako bertsoaldi onenak

Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministen baitan Euskal Herriko emakume, trans eta bolloen anti-kopla txapelketa egin da Durangoko Landako gunean; Gasteizko Jimmy Jazz aretoan bertso jaialdia; eta Gernikako Lizeo aretoan Jon Lopategiri omenaldia. Hiru jaialdietako bertsoaldi onenak entzungo ditugu.

Bestalde, Kattalin Miner kazetari eta aktibista feministaren bertsoaldi kuttuna zein den ezagutuko dugu.

Gogoratu: igandean, 15:00etan, ETB1en Hitzetik Hortzera; eta astelehenetik aurrera, EITB Nahieran atarian.

Eider Perez eta Aitor Servier.