Bertsolariak datoz "Diasporatik…"
Diasporako bertsolariak etorriko dira gurera asteazkenean. Lehenik, Bertsozale Elkartea, Mintzola Fundazioa eta Xenpelar Dokumentazio Zentroa ezagutuko dituzte; San Frantziskoko Euskal Etxeko Frantxua Bidaurreta etorriko da, Martin Goicoetchea eta Johnny Curutchet bertsolariekin batera. EKEko Pantxoa Etxegoien eta Daniel Landart ere hurbilduko dira egoitzara.
Arratsaldean bertso-saioa eskainiko dute disporako bertsolariek eta Euskal Herrian bizi direnek: Martin Goicoetchea eta Johnny Curutchet ariko dira Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariekin batera, Karlos Aizpurua gai-jartzaile lanetan dela. Subijanan izango da saioa, 19:00etan, eta sarrera doakoa da. Mintzola Fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak antolatu dute saioa.
Martin Goicoetchea eta Johnny Curutchet. Iturria: www.euskalkultura.com
Astebeteko egonaldia
Urriaren 12tik 17ra bitarte izango dira hemen Bidaurreta, Goicoetchea eta Curutchet, bertsolaritzaren inguruan egiten diren jarduerak ezagutu eta bertako bertsolari eta eragileekin harremana izanaz.
- Urriaren 12an, 14:00etan: Euskal Kultur Erakundeko zuzendariaren ongi etorria, eta solasaldia, iparraldeko bertsularitzaz, Daniel Landart eta Beñat Soulérekin.
- Urriaren 13an, 16:45etik 18:00ak arte, Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan: Bertsu-eskolan parte hartzea (Bertsularien Lagunekin). 19:30etan, Larraldea etxean, Bertsularien Lagunak Elkartearen egoitzan, Senperen: Bertsulari filmaren aurkezpena, Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariekin.
- Urriaren 14an: Bertsozale Elkartearen eta Mintzola Fundazioaren egoitzara bisita.
- Urriaren 15ean: Baionako Euskal Erakustokiaren bisita eta elkarrizketak
- Urriaren 16an, 19:00etan, Uztaritzeko Lapurdi gelan: Euskal emigrazioa : oroitzapena baino gehiago? eztabaida filmatua eta Kanalduderen webgunean zuzenean eskainia. EKEk eta Eusko ikaskuntzak antolaturik. Bertsolariek parte hartuko dute.
- Urriaren 17an, 18:00etan, Baigorriko Bixentainean: Hernandorena saria. Ondotik, afaria klika-txarangarekin.