Bertsolari txapelketen zikloa atzeratu egingo da
Datorren irailean hasiko litzateke 2021eko Bertsolari Txapelketa Nagusia, egoera ohikoa balitz. Ohikotik gutxi du egoerak, ordea, eta nekez betetzen dira txapelketa behar bezala gauzatzeko baldintzak.
Pandemiaren eraginez, bertso saio ugari bertan behera geratu dira, eta bertso-eskolek zailtasunak dituzte normaltasunez aritzeko. Bestalde, orain pentsaezina den jende multzoa elkartzen duen kultur ekitaldia da txapelketa, eta, osasun irizpideak aintzat, gerta liteke momenturen batean parte-hartzaileren bat parte hartu ezinik geratzea. Hasi eta buka, txapelketa gauzatzeko bermerik ez dago.
Aurten aurreikusita zeuden txapelketek eman dute begitandutako zantzu horien berririk. Udazkenean bi txapelketa genituen jokatzekoak, eta atzeratu egin ditugu biak: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa zein Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa elkartzen dituen Xilaba txapelketa. Lehenean, Udabarria Bertsotan sailkapen fasea eginda hurrengo pausoa ez ematea erabaki genuen, eta, bigarrenean, txapelketa eten egin genuen, urriaren amaieran Frantziar Estatuan egoera okertu eta neurri berriak sartzearekin batera.
Era berean, 2021eko lehen hilabeteetan egitekoak ziren Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak atzeratuko genituela aurreratu genuen duela zenbait aste.
Honenbestez, lurralde horietako txapelketak ez ezik, lurralde horietan jazotakoa aintzat izaten duen Txapelketa Nagusia ere atzeratzea erabaki dugu, data berririk zehaztu gabe. Pandemiaren bilakaeraren eta bertsolaritzaren egoeraren arabera erabakiko dugu data berria.
Plaza biziberritzeko ekimen gehiago
Hala ere, bertsolaritzaz gozatzeko guneak bultzatzen eta antolatzen jarriko dugu indarra urte berrian ere. Bertsolaritzan ari garenon artean osasun neurriekin bat datozen protokoloak adostuz gero, kultura eta bertsolaritza bizigarriak direlako.
Horregatik, herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri eta plaza sustatzeko ekimena aurkeztuko dugu datozen egunetan.