Bertsolari Txapelketa Nagusiko liburua eta diskoa plazaratu dira

2014/05/07
20 eurotan elkarrekin salduko dira ohiko liburudendetan eta www.lanku.com orrialdean. Bertsozale Elkarteko bazkideek 15 eurotan eskuratu ahalko dute. Lankuk prestatu du edizioa. Txapelketa Nagusiko liburuak bertsoak, kronikak, argazkiak eta adituen iritziak eskaintzen ditu.

Bertsozale Elkarteak antolatu dituen edizio guztietan Bertsolari Txapelketa Nagusiak emandakoa liburu batean bildu izan da. Aurten bertsoaldi onenak biltzen dituen diskoa itsatsia eramango du liburuak. www.lanku.com eta ohiko liburu dendetan elkarrekin salduko dira 20 eurotan. Bertsozale Elkartearen bazkideek 15 eurotan eskuratu ahalko dute.

Bertsozale Elkartea da argitaratzailea eta 500 aleko tirada prestatu Lanku Bertso Zerbitzuak elkartearen enpresak. Subijana etxean egindako prentsaurrekoan eman dituzte xehetasunak Jon Agirresarobe Txapelketa Nagusiaren koordinatzaileak, Felix Irazustabarrena bertso edukietan aditua den kazetariak eta Karlos Aizpurua Mintzola Fundazioko ikerkuntza eragileak.

Txapelketa Nagusiko liburuak bertsoak, kronikak, argazkiak eta iritziak eskaintzen ditu. Xenpelar Dokumentazio Zentroak koordinatuta Arnaitz Lasarte, Rosita Anakabe eta Maria Izaga aritu dira transkribaketa lanetan. Argazkiak berriz Gari Garaialdek eta Alberto Elosegik egin dituzte Txapelketan zehar. Felix Irazustabarrenak osatu ditu girotze idatziak eta bertso hautaketa. Liburuan irakurgai dauden bertsoak diskoan entzungai daude mp3 formatuan. Ohiko irizpideak erabili ditu hautaketarako, Bertsozale Elkarteak markatutakoak: bertsolari guztien bertsoak agertzen dira, ariketa eta saio guztietakoak. Irazustabarrenaren esanetan ez da kolpe bakarrean oso-osorik irakurtzeko liburua: “zatika irakurriko dute bertsozale gehienek, kontsultarako edo prestaketa lanetan lagungarri izango zaio lanean ari denari”. Saio bakoitzeko 10-11 bertsoaldi eta finala oso-osorik bildu dute liburuan eta diskoan.

Mintzola Fundazioan lanean ari diren ikerlariek osatu dute aditu multzoa. Norberak bere iker lerroa izan du abiapuntu. Luzea da zerrenda: Jone Miren Hernandez, Xabier Paia, EHUko IXA Taldea, Teresa Del Valle, Jexux Larrañaga, Anaís Falcó eta Christian Simelio, Pere Bescós eta Olatz Mitxelena. Karlos Aizpuruak adierazi duenez bertsogintza ikuspegia aztertu dute Xabier Sukiak, Gorka Azkaratek, Joxerra Garziak, Arkaitz Goikoetxeak eta Andoni Egañak. Bertsolari txapelketa Nagusian erabili diren doinuen azterketa ere egin da. Joanito Dorronsorok eta Martin Aramendik egin dute. Sei doinu berri identifikatu dira eta doinutegian txertatu.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko liburuaren eta diskoaren aurkezpena eskaini dute Bertsozale Elkarteko eta Xenpelar Dokumentazio Zentroko ordezkariekak