Bertsolari aldizkariaren 100.aleaz, Bertsoan

2015/11/23
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren xehetasun guztiak ere jarraitu ahal izango dira sareko plazan.

Bihar, asteartea, aurkeztuko du Bertsolari aldizkariak bere 100.alea izango den Nork komikia, Patxi Gallegok eta Xabi Payak osatua. Argitalpenaren eta, oro har, Bertsolari proiektuaren gainekoak plazaratuko ditu aste honetan Bertsoak.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa ere momentu erabakigarrian da; finalaurrekoak hasi berri dira eta horietatik aterako dira finalerako parte-hartzaileen izenak. Saioen inguruan jakin beharreko guztia biltzeaz gain, Zarautzen botatako bertsoaldiak izango dira entzungai bihar Bertsoan. Asteazkenean, parte-hartzaileen iritziak ere ezagutuko ditugu.

Iragan asteburuan Xalto sariketa izan zen Goizuetan eta hango berri ere emango du Bertsoak; baita datorrenean abiatuko den Bertsotruk egitasmoaz ere. Bertsoak entzuteko aukera ere ez da faltako, eta Iruñean eta Ataunen izandako saioetan botatako bertsoaldiak jarriko dira eskura gaur eta bihar. Ostegunean hausnarketarako tartea zabalduko du sareko plazak, eta harreman ereduak oholtza gainean nola islatu argituko digute bertsolariek.

Astea amaitzeko, ostiralean, Hitzetik Hortzera saioaren atal berriaren nondik norakoak azalduko dira. Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz ere urteetan atzera egin eta 1998ko Xalto sariketara eramango gaitu, orduko hartan botatako bertsoaldiak entzutera.

Edonon eta edonoiz, jarraitu bertsolaritza Bertsoa, sareko plazan!

Jarraitu Bertsoan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa