Bertsolari aldizkariak 30 urte, Hitzetik Hortzera
Bertsolari aldizkariaren ibilbidearen hasieran ezinbesteko izan zen Joxean Agirrek eginiko lana, eta berarekin batera hasierako urte horietako esperientziak ezagutuko ditugu. Orain, esku gazteagoek kudeatzen dute Bertsolari: Beñat Hach Embarek arduratzen da urtaro bakoitzeko edizioaren koordinazioaz.
1991ko udaberrian argitaratu zen Bertsolari aldizkariaren aurreneko alea, azalean Mañukorta bizarra egiten ageri zena. Ordutik, 120 ale argitaratu dituzte, eta azaleko argazki bereziak bihurtu dira aldizkariaren sinbolo. Ale bakoitza urtaroz urtaro berezi egiten duten aniztasun, atal eta ezaugarriak ezagutuko ditugu aste honetako Hitzetik Hortzeran.
Tolosa eta Getaria
Horrez gain, plazak eskainitako ale onenak ere eskainiko ditugu, nola ez. Aste honetan Tolosako saioaz gain, Getariako saioko hautaketa ere entzuteko aukera izango dugu; baita Iruñeko Bertso Eguneko aleren bat ere. Bertsoaldi Kuttunaren atalean, ALBEko kide den Peio Lago gazteak azken Txapelketa Nagusiko finalera eramango gaitu; Aitor Sarriegiren bakarkakora, hain zuzen ere.
Hitzetik Hortzera: larunbatean 21:00etan eta igandean 15:00etan, ETB1en; eta ondoren, edonoiz, EITB Nahieran atarian.