Bertsoaz gozatzeko gune bihurtuko da Ahostegunak

2020/10/14
Ahozko kultur sorkuntza izango dute mami urriaren 29tik azaroaren 26ra arte ostegunero egingo diren saioak. Izen-ematea irekita dago urriaren 22ra arte, www.mintzola.eus atarian.

18 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzendutako saio sorta da Ahostegunak, oinarrian ahozko kultur sorkuntza duena: antzerkia, kantagintza, kontalaritza edota literatura eta bertsolaritza landuko dituzte urriaren 29tik azaroaren 26ra arte, 16:00etatik 19:00etara, UPV/EHUko Gipuzkoako campusaren ondoan dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan, Donostian.

Gazteek beraien artean harreman sarea ehuntzea da helburua, ahozko kultur sorkuntzarekiko duten zaletasuna partekatzea, eta, gainera, bide horretan ez dira bakarrik izango: kultur diziplina horietan aditu eta aritu diren lagunak izango dituzte bidaide. Azaroaren 12an landuko dute bertsolaritza, eta Eli Pagola eta Odei Barroso izango dira beraiekin.

Doakoa da parte-hartzea, baina ezinbestekoa izango da izena ematea; urriaren 22ra arte eman ahal izango da www.mintzola.eus atarian.

UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak antolatu dugu elkarlanean saio sorta hau bigarren aldiz, Euskaltzaindiaren laguntzarekin.

Xehetasun gehiago, www.mintzola.eus atarian.