Bertsoaroa, Iruñeko bosgarren urtaroa igandeko Hitzetik Hortzeran

2018/11/29
Nafarroako hiriburuan hilabete berezia da azaroa eta bertsolaritzak egiten du berezi, Bertsoaroa tarteko. Igandeko programan gehiago jakingo dugu egitasmoaren inguruan: lehen hazia erein zutenekin elkartuko gara Iruñean eta aurtengo saioetako bertsoaldiak ere bilduko ditugu.

Ohitura batzuk ez dira galdu behar eta zenbait hitzordu ezin dira ahaztu. Horietako bat da duela 28 urte ezkeroztik Iruñean egiten den Bertsoaroa. Hainbat ekimen antolatzen dira bere baitan azaro osoan zehar: hitzaldiak, antzerkiak... eta, noski, bertso saioak. Adin guztietako bertsozaleentzako egitarau bete-betea antolatzen da eta igandeko Hitzetik Hortzeran egitasmoari buruz gehiago jakingo dugu.

Bertsoaroaren lehen hazia erein zuten bi lagunekin elkartuko gara: Lontxo Aburuza, Nafarroako Bertsozale Elkarteko kidea 1983tik 1996ra arte, eta Iñaki Azkona, Iruñeko Udaleko kultur teknikaria. Hastapenak nolakoak izan ziren galdetuko diegu eta haien ustez Bertsoaroak Iruñeari eta Nafarroako bertso-mugimenduari zer eman dien ere jakingo dugu.

Urteroko lana bertso-eskolan

Bertsoaroan bakarrik ez, gainontzeko hilabeteetan ere presente dago bertsoa Nafarroako hiriburuan; eta bertso eskolek lan handia egiten dute zentzu horretan. Igandeko programan Nafarroako Bertsozale Elkartean egiten duten bertso eskolan sartuko gara. Horrelako talde baten partaide sentitzearen esanahiari buruz galdetuko diegu. Horrez gain, Nafarroako bertsogintza nola ikusten duten jakingo dugu eta puntukako saio bat ere eskainiko digute.

2018-12-02, Iruñea. HH_10Igandeko programara Bertsoaroaren baitan antolatu diren bi saioetako bertsoaldiak ekarriko ditugu. Lehenengoa azaroaren 8an egin zen eta kantuan aritu ziren Aitor Mendiluze, Eneko Lazkoz, Julen Zelaieta, Nerea Ibarzabal, Miren Amuriza eta Sustrai Colina. Gai jartzaile lanak Alaitz Rekondok egin zituen. Bigarrena azaroaren 20an izan zen, eta Ane Zuazubiskar, Idoia Granizo, Joanes Illarregi, Sarai Robles, Txaber Altube eta Xabat Illarregi aritu ziren kantuan, Ainhoa Arozenak gidatuta.

Igandean, 15:00etan, ez galdu Hitzetik Hortzera Euskal Telebistako lehen katean; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EITB Nahieran atarian.

Lontxo Aburuzarekin eta Iñaki Azkonarekin izango da Eider.