Bertsoaren olatua Barakaldotik Iruñera, Hitzetik Hortzera
Udaberriarekin batera iritsi da 2021-2022 ikasturteko Hitzetik Hortzera denboraldiaren azken programa. Azkena beti da berezia, eta denboraldiak eman duenari begira jarri beharrean, datorrenari begira jarriko gaitu. Aurten jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusia, berezitasun nabarmen batekin gainera: finala Barakaldotik Iruñera igaroko da.
Nafarroako bertso ekosisteman aldaketa honek izango duen eraginari buruz hitz egiteko, Nafarroako Bertsozale Elkarteko Ander Perezekin eta Iruñerriko bertsolaria eta bertsozalea den Sarai Roblesekin elkartu da Eider, non eta abenduan milaka bertsozalez beteko den Nafarroa Arenan bertan.
Txapela nork jantziko duen ez dugu jakingo larunbateko programan, baina aro berri honi buruzko lehen zertzeladak ezagutzeko aukera paregabea izango da.
BECeko antologia eta Izpurako Bertso Eguna
Lau final jokatu dira BECen, eta larunbateko programan haietako bertsoaldi antologia txiki bat eskainiko da. Gainera, Izpuran egin berri den Bertso Eguneko bertsoaldi gogoangarrienekin gozatzeko aukera izango da; Aimar Karrikak gidatuta, kantuan aritu dira Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Sustrai Colina.
Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en. Eta edonoiz, EITB Nahieran atarian ere bai.