Bertsoak eta sagardoak Astarben elkartuko gaituzte ostiralean

2020/07/22
"Sagardoak elkartzen gaitu" egitasmoaren baitan, uztailaren 24an bertso-afari-merienda izango da. Txartelak eskuragai daude www.sagardoa.eus eta www.bertsosarrerak.eus atarietan.

Astigarragako Astarbe sagardotegia prest dago ostiralean bertsozaleak hartzeko. 18:30ean izango da Sagardoak elkartzen gaitu ekimenaren baitako hurrengo bertso otordua. Agin Laburu eta Maialen Lujanbio ariko dira librean, eta bertsozaleek mokadu bikainaz gozatzeko aukera izango dute bertsotik bertsora: basatxerri urdaiazpiko pintxoa, codchouder, bonito taloa, txuleta pintxoa, euskal gazta taula eta, noski, Astarbe euskal sagardoa jatorri-deitura.

Pasa den uztailaren 8an aurkeztu genuen Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Musika Bulegoa Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak Sagardoak elkartzen gaitu ekimena, eta lehen saioa pasa den uztailaren 15ean egin zen Adunako Aburuza sagardotegian. Eli Pagola eta Unai Mendizabal aritu ziren bertsotan, Aitor Mendiluzek jarritako gaiei erantzuten. Bertso saioko aleak entzungai dituzue www.bertsoa.eus atarian.

Uztailaren 24ko hitzordu honetarako txartelak eskuragai dituzue www.bertsosarrerak.eus eta www.sagardoa.eus atarietan. Azken honetan, zenbait sagardotegitan datozen asteetan egingo diren beste saio eta ekintza batzuetarako txartelak ere badaude.