Bertsoa eta zirkua elkartuko ditu "Gure Bertso Zirkua" ikuskizunak

2021/11/22
Abenduaren 11n izango da, Tolosan. Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak, Gure Zirkuak eta Galtzaundi Euskara Taldeak antolatu dute elkarlanean, eta Bertsozale Elkartea eta Tolosako Udala dira laguntzaile. Plaza biziberritzeko egiten ari garen apustuaren parte da ikuskizuna.

Bertsoa eta sukaldea uztartu ziren Bertsoa Sutan emanaldian; bertsoa eta irratia Uhinak saioan; heriotzari kantuan ere aritu ginen Azken Bidaian; eta zirkuan sartuko dugu bertsoa hurrengoan: hitzaren funanbulistak eta sokaren gainean aritzen direnak, elkarrekin, Gure Bertso Zirkua ikuskizunean.

Pandemiaren aurrean bertsolaritzaren plaza indartzeko aburuz antolatu edota lagundu ditugu aipatu emanaldiak, eta bide horretan hurrengo pausoa da hau. Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak, Gure Zirkuak eta Galtzaundi Euskara Taldeak antolatu dute ikuskizuna, Bertsozale Elkartearen eta Tolosako Udalaren laguntzarekin.

Ahozko inprobisazioa eta zirkuko hainbat diziplina uztartuko dituzte zuzenean bertsolariek eta Gure Zirkuko artistek. Bertsoa eta zirkua elkartuko dituen saio berezi hau abenduaren 11n izango da Tolosan (Gipuzkoa), San Esteban auzoan kokatuko den Gure Zirkuko karpan.

Haurrentzako eta helduentzako emanaldi bana

Bi emanaldi eskainiko dira, biak ere publiko ezberdinari zuzendutakoak. Eguerdian, 12:00etan, haurrei eta gaztetxoenei begirako ikuskizuna eskainiko da: Gure Zirkuko artistekin batera, Haritz Mujika, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal ariko dira. Gai-jartzaile lanetan Iker Iriarte eta Imanol Artola ariko dira.

Arratsaldean, berriz, helduei zuzendutako emanaldiak hartuko du tokia: Alaia Martin, Andoni Egaña, Julio Soto eta Maddalen Arzallus ariko dira, Gure Zirkuko artistekin batera. Arratsaldean ere Iker Iriarte eta Imanol Artola arduratuko dira bertsolariei nahiz zirkuko artistei gaiak jartzeaz. 18:00etan izango da bigarren saio hau.

Sarrerak: aurretik eta presentzialki

Azaroaren 27an, larunbatean, jarriko dira salgai bi emanaldiotarako sarrerak. 10:00etatik 12:00etara, bi lekutan eskuratu ahal izango dira: Galtzaundi Euskara Taldearen Tolosako egoitzan eta Villabonako Subijana Etxean. Presentzialki horietako leku batean erosi ahal izango dira soilik sarrerak, aipatutako ordutegian. Egunean bertan ez badira sarrera guztiak saltzen, Galtzaundiren egoitzan egongo dira salgai azaroaren 29tik aurrera.

Goizeko emanaldiko sarrerek 5 euroko prezioa dute, eta pertsona bakoitzak, gehienez, bost sarrera eskuratu ahal izango ditu; arratsaldeko saiorako sarrerek, berriz, 13 euroko prezioa dute, eta pertsona bakoitzak, gehienez, bi sarrera erosi ahal izango ditu.

Informazio gehiago, www.galtzaundi.eus atarian.