Bertso urtearen errepasoa Hitzetik Hortzeran

2023/12/28
2023ko bertsoaldiekin osatuko da Hitzetik Hortzerako urteko azken programa. Larunbatean, 21:00etan ETB1n.

Urtea bukatzearekin batera ohitura da urtearen errepasoa egitea, eta Hitzetik Hortzerak ere horixe egingo du: 2023ak emandako bertsoaldiekin osatutako programa izango da asteburu honetakoa, eta ez da sorpresarik faltako. Izan ere, Mirari Martiarena aurkezleak berak hartuko du lehen sorpresa: bertsolariek Donostiako Maria Cristina hotelera gonbidatuko dute atseden hartzera.

Luxuzko atsedena hartzeko, luxuzko bertsoaldiak aurkeztuko ditu Mirarik. Kantuan hainbat bertsolari ikusteko aukera emango digu errepaso programa berezi honek, besteak beste:  Aitor Etxebarriazarraga, Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Martikorena, Iruri Altzerreka, Jexux Mari Irazu, Jone Uria, Julio Soto, Maddi Ane Txoperena, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Saioa Alkaiza eta Sustrai Colina entzuteko aukera izango da.

Haira Aizpuruaren bertso jarriak

Hitzetik Hortzerako denboraldi honen hasieran zazpi bertsolariri bertsoak jartzeko eskatu zitzaien, eta 2023a biribiltzeko eskainiko da azken bertso musikatu sorta.

Haira Aizpuruak sortu eta abestutako Bakartzaroa bertso jarriekin agurtuko da urtea. Hairak ondoan izango ditu Eneko Sierra eta Beñat Antxustegi musikariak.

Luxuzko Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1n. Eta ondoren, edonoiz, EITB Nahieran atarian.

Maria Cristinatik asteburu honetan.