Bertso Udalekuetarako azken izen-emateak, bihartik aurrera

2017/03/29
Deialdi arraskatatsua izaten ari da, eta honenbestez, Bidarraiko egonaldirako izen-ematea baino ez da zabalduko bigarren epe honetan. Lehentasunezko izen-ematea bertso-eskolako kideentzat edota gurasoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat zabaldu zen.

Gogo handia piztu dute Bertso Udalekuek. Horren adierazle lehen izen-emate epean Bertso Udalekuetarako aurreikuspena gainditu izana eta ondorioz, Bidarraiko egonaldirako izen-ematea baino ez da zabalduko bihartik aurrera.

Pasa den astera arte bertso-eskolako kideek edota gurasoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek eman ahal izan dute izena lehentasunez. Bihar gainerako gaztetxoentzako zabalduko da izen-ematea baina, esan bezala, Bidarraiko egonaldirako izen-ematea zabalduko da soilik. 17-18 urte bitartekoei zuzendutako egonaldia da Baxenabarrekoa, eta uztailaren 22tik 31ra gauzatuko da. Honetan ere leku gutxi batzuk daude, beraz, adi! Bihar 09:00etan zabalduko da izen-ematea berriro, apirilaren 6ra arte.

Hala, epeak aurreratu eta apirilaren 7rako jakinaraziko zaie izena eman dutenei Bertso Udalekuetaz gozatzeko aukera izango duten, zein den taldeen osaketa eta lekua erreserbatzeko prozedura zehaztuko zaie.

Uda badator!

Orion, Irañetan, Bidarrain, Muxikan eta Zuhatzan izango dira egonaldiak.