Bertso Udalekuetarako aurrelanetan

2021/02/24
Oraindik ez dakigu udalekuak egin ahal izango ditugun, baina lanak aurreratzen hasiak gara. Martxoaren 1ean hasiko da hezitzaileen izen-ematea; aldiz, haurrena ez dugu oraindik abiatuko.

Egoeraren bilakaerak erakutsiko digu aurten Bertso Udalekuak egingo ditugun ala ez. Maiatzaren hasieran hartuko dugu erabakia, une horretan indarrean egongo diren neurri eta legeak aintzat hartuta. Edonola ere, udalekuek aurrelan handia eskatzen dute, aintzat hartu beharreko ezohiko neurriak ere gehituko zaizkigu aurten, eta ondorioz, prestaketa lanetan hasiak gara.

Haurren izen-ematea ez dugu oraindik abiatuko, udalekuak egingo direla ziur jakin arte; maiatzean izango da hori, eta orduan abiatuko genuke haurren izen-ematea. Hezitzaileenari ekingo diogu, ordea.

Martxoaren 1ean hasiko dugu hezitzaileen izen-ematea, 10:00etan; www.bertsozale.eus atarian izango den izen-emate orria bete beharko da horretarako. Hezitzaileek begirale, zuzendari, sukaldari ala praktiketako begirale gisa eman ahal izango dute izena, ondoen egokitzen zaien udalekuetako txanda ere aukeratuta. Martxoaren 14an amaituko da epea, eta apirilaren hasieran emango zaie beren izen-ematearen egoeraren berri.

Apirilean lantaldearen osaketaren berri emanda, maiatzaren hasieran jakinaraziko zaie hezitzaileei udalekuak egingo ote ditugun ala ez, eta maiatzaren 22an izango litzateke prestaketa saio edo egun-pasa.

Zortzi txandako udalekuak

Bost txanda egin ohi ditugu, baina aurtengoan lagun eta egun kopuru gutxiagoko egonaldiak antolatu ditugu; horregatik, zortzi txanda dira. Sopelan eta Zuhatzan txanda bana egingo genuke, eta Orion, Uitzin eta Amaiurren, bina. Guztiak bost egunekoak dira eta uztailean izango lirateke. Txanden inguruko informazio gehiago, hemen.

Aurtengoan, garaiko osasun neurriak kontuan hartuta egin beharko dugu prestaketa. / XDZ