Bertso Udalekuetan sukaldari aritu nahi dut!

2019/02/06
Ala begirale edo, zergatik ez, zuzendari. Otsailaren 11n irekiko da izena emateko epea eta apirilaren 5ean emango zaie erabakiaren berri interesdunei.

Duzunaritze, Uitzi, Muxika, Orio eta Zuhatza izango dituzte helmuga 2019ko Bertso Udalekuek. Egonaldi horiek gaztetxoez eta ekintzez hornitu aurretik, ordea, hezitzaileak ezinbesteko ditugu.

Begiraleak, sukaldariak eta zuzendariak behar ditugu Bertso Udalekuetarako; begirale gisa praktikak egiteko aukera ere izango da. Interesa dutenek otsailaren 11tik martxoaren 4ra eman ahal izango dute izena atari honetan bertan egokituko den izen-emate orria beteta edo 943694129 telefono zenbakira deituta. Gero, apirilaren 5ean emango zaie erantzuna izena eman dutenei; hautaketan, lehentasuna izango dute bertso eskolako kideek. Gogoan izan hezitzaileek nahitaez parte hartu beharko dutela maiatzaren 4an Amasa-Villabonako Subijana etxean, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitzan, egingo den prestaketa saioan.

Bost txanda daude aukeran eta haietan 9 urtetik 18 urtera bitarteko Euskal Herri osoko gazteekin ariko dira hezitzaileak. Uztailean egingo dira horietako lau egonaldi, eta bosgarrena, abuztuan. Bertsolaritzaz harago, eta egonaldi bakoitzak bereizgarri dituen ezaugarriekin bat datozen aisialdiko ekintzez gainera, sormenarekin eta elkarren arteko harremanekin zerikusia duten lanketak ere egiten dituzte Bertso Udalekuetan.

Uda ez dago hain urrun.

Martxoan hasiko dira izen-emateak parte hartzaileentzat

Bertso Udalekuetan parte hartu nahi duten haur eta gazteentzako datorren hilean, martxoaren 11n, hasiko da izen-ematea. Lehen izen-emate horretan bertso eskolako kideek edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide duten interesdunek eman ahal izango dute izena. Gainerakoentzako martxoaren 25ean irekiko da izena emateko aukera.

2019ko Bertso Udalekuen triptikoa deskargatu hemen.

Otsailaren 11n irekiko da hezitzaileen izen-ematea. / XDZ