Bertso Udalekuetan izena emateko epea zabalduko zaie datorren astean hezitzaileei

2016/02/09
Zuzendari, begirale edo sukaldari gisa lan egiteko zein praktikatarako eskaerak egin ahal izango dira otsailaren 18tik martxoaren 18ra.

Aurten ere udarako plana izango dute etxeko bertsozale gazteenek. Bertsozale Elkarteak hemeretzigarren aldiz antolatu ditu Bertso Udalekuak; gazteek bertsolaritzaz gozatzeko eta Euskal Herri osoko lagunekin harremanak saretzeko aukera izango dute, udalekuek ezaugarri dituzten jolas eta ekimenak egitearekin batera. Eskaintza zabala osatuta, 5 txanda izaten dira aukeran eta aurtengoak erabaki dira dagoeneko.

Hezitzaileentzat ere esperientzia aberasgarria izaten da Bertso Udalekuena. Zuzendari, begirale eta sukaldari gisa lan egiteko zein praktikatarako interesa dutenek datorren astetik aurrera izango dute izena emateko aukera. Otsailaren 18an zabalduko da horretarako epea eta martxoaren 18an amaituko da. Izena emateko egun horietan webgunean aurkitu ahal izango den fitxa bete beharko da.

Hezitzaileek bertso-mundukoak behar dute izan. Gainera, udalekuak prestatzeko hezitzaileekin egiten den asteburu pasara hurbildu beharko dute apirilaren 29an eta 30ean, Zestoako Sastarrain aterpera.

Udalekuetan parte hartu nahi duten gaztetxoei dagokienez, 2016rako prestaturiko txandak begiratzen has daitezke, apirilean zabalduko baitzaie izena emateko epea: bertso-eskoletako kideentzat edota gurasoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenentzat apirilaren 4tik 15era zabalduko da eta gainerakoentzat apirilaren 18tik 29ra.

Informazio gehiago: www.bertsozale.eus/eu/bertso-udalekuak

 

2015eko lantaldea, prestaketaren asteburuan