Bertso Udalekuetan hezitzaile aritzeko izen-ematea zabalduko da asteazkenean

2018/02/12
Begirale, sukaldari, zuzendari moduan edota begirale praktikak egitera etorri nahi dutenek izena eman ahal izango dute asteazkenean hasi eta martxoaren 5era bitarte.

Negu bete-betean bagaude ere, gogoz eta halabeharrez udarako aurreikuspenak egiten hasiak gara. Bertso Udalekuak ere izango dira aurten, eta egonaldiaz gozatu nahi duten gazteek izena emateko pixka bat itxaron beharko duten arren, hezitzaileen izen-ematea laster zabalduko da. Hain zuzen ere, asteazkenean hasi eta martxoaren 5era bitarte eman ahal izango dute izena Bertso Udalekuetan begirale, zuzendari, sukaldari aritu edota praktikak egin nahi dituztenek.

Izena emateko webgune honetan martxan jarriko den formularioa bete beharko du interesdunak. Hezitzaileek bertso-mundukoak behar dute izan eta udalekuak prestatzeko egiten den asteburu pasara joan beharko dute maiatzaren 4tik 5era Barriara.

Bertso Udalekuetara joan nahi duten gaztetxoek, martxoan

Bertso Udalekuetaz gozatu nahi duten gaztetxoek martxoan izango dute izena emateko aukera. Bertso-eskoletako kideek edota gurasoren bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek martxoaren 12tik 23ra izango dute aukera eta gainerakoek martxoaren 26tik apirilaren 13ra. Txanden inguruko informazioa datozen egunotan zabalduko da atari honetan bertan.

Prestaketa asteburua izaten dute hezitzaileek Bertso Udalekuen aurretik.