Bertso Udalekuetako izen-ematea abiatuko da astelehenean

2019/03/07
Bost txanda izango dira aukeran. Muxikako txanda bertan behera geratu da eta Elgoibarko Aubixa aterpetxean egingo da haren ordezkoa. 10:00etan hasiko da izen-ematea eta bertso eskolako kide direnek edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek eman ahal izango dute izena lehen epe honetan.

Martxoaren 11n, astelehenean, irekiko da Bertso Udalekuetan izena emateko epea. Bi eratara eman ahal izango da izena: telefonoz, 943694129 zenbakira deituta, edo Internetez, www.bertsozale.eus atarian egokituko den izen-emate orria beteta. 10:00etan hasiko da izen-ematea bide batean zein bestean.

Duzunaritze, Uitzi, Elgoibar, Orio eta Zuhatza izango dira aukeran. Uztailean egingo dira lehen lau txandak, eta abuztuan Zuhatzakoa. 2001etik 2010era bitartean jaiotako haur eta gazteek parte hartu ahal izango dute; adin tarte bakoitzari txanda bat dagokio, eta informazio hori zein egonaldi bakoitzeko egun kopurua eta prezioa ikusteko, begiratu xehetasunak atari honetan bertan.

Bertso eskolako kide direnek edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek eman ahal izango dute izena lehen epe honetan, martxoaren 11n hasi eta 22ra arte. Gainerakoentzako izen-ematea martxoaren 25etik apirilaren 12ra arte izango da. Apirilaren 17 baino lehen erantzungo zaie izena eman duten guztiei, aukeratu duten txandan parte hartzeko aukerarik ote duten ala ez adieraziz.

Elgoibar, Muxikaren ordez

Bertso Udalekuetako txandetako bat bertan behera geratu da, Bertsozale Elkartetik harago doan azken momentuko ezustekoa tarteko; hala, Muxikan egitekoa zen egonaldia, Elgoibarko Aubixa aterpetxean egingo da. Tokiz aldatuko bada ere, iragarritako adin tartea, egun kopuruak eta prezioa izango ditu.

Badator uda!

Zuhatzako egonaldia abuztuan egingo da, gazteenekin. / XDZ