Bertso Udalekuak: hezitzaileen izen-ematea otsailaren 6ean irekiko da
Urtarrilarekin batera udara begira jarri ohi gara Bertsozale Elkartean: Bertso Udalekuak antolatzen hasteko sasoia izan ohi da gurean. Otsailaren 6an izango da lehenengo data garrantzitsua: izan ere, begirale, zuzendari, sukaldari eta begirale praktikak egin nahi dituztenentzako izen-emate epea zabalduko da egun horretan, eta otsailaren 16ra arte egongo da irekita. Ondoren etorriko da haur eta gaztetxoen izen ematea.
Ohiko modura, izen-ematea bertsozale.eus webgunearen bidez egin ahal izango da. Martxoan emango dugu osatutako lantaldeen berri.
Bertso Udalekuetako hezitzaileak prestaketa asteburuan elkartuko dira, maiatzaren 9tik 10era Astigarragako Santiagomendi aterpean (Gipuzkoa). Bertan parte hartzea ezinbestekoa izango da, Bertso Udalekuen antolaketa ona ziurtatzeko.
Gaztetxoen izen-ematea, martxoan
Hezitzaile lantaldeekin hasi eta gaztetxoekin segi. Martxoaren 3an zabalduko dugu horien izen ematea bertsozale.eus webgunean bertan. Laster emango dizkizuegu xehetasun guztiak.
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute Bertso Udalekuen egitasmoa, eta Irizarrek laguntzen du.