Bertso Udalekuak: hezitzaileen izen-ematea otsailaren 1ean abiatuko da
Oraindik neguan gauden arren, begiak udan jarrita ditugu Bertsozale Elkartean: Bertso Udalekuak antolatzen hasteko garaia da. Hain zuzen ere, otsailaren 1ean zabalduko dugu izen-emate epea hezitzaile, zuzendari, sukaldari eta begirale praktikak egin nahi dituztenentzat. Hilaren 18ra arte izango dugu zabalik epea. Behin lantaldeen izen-ematea bukatuta, gaztetxoenari ekingo diogu.
Izen-ematea, ohiko legez, bertsozale.eus webgunean izango da. Hura amaituta, apirilean emango dugu osatutako lantaldeen berri.
Bertso Udalekuetako hezitzaileak prestaketa asteburuan elkartuko dira, maiatzaren 17tik 18ra Larraulgo aterpetxean (Gipuzkoa). Bertan parte hartzea ezinbestekoa izango da, Bertso Udalekuen antolaketa ona ziurtatzeko.
Gaztetxoen izen-ematea aurrerago izango da: martxoaren 4tik aurrera, bertsozale.eus webgunean. Laster zabalduko ditugu izen-emate horri buruzko informazio gehiago.
Euroeskualdeak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute Bertso Udalekuen egitasmoa, eta Irizarrek laguntzen du.