Bertso Udalekuak: hezitzaileen izen-ematea, martxan!
Eguraldi onak ia oharkabean udaberrian pentsatzera garamatza eta udatik hurbilago jartzen gaitu: udan eta Bertso Udalekuetan pentsatzen hasteko garaia da!
Han elkartuko diren gazteei izena emateko epea ireki aurretik, ordea, hezitzaileekin hornitu behar ditugu gure txandak. Gaur hasi eta otsailaren 24ra bitarte (egun hau barne), begirale, zuzendari edota sukaldari aritu nahi duten interesdunek izena emateko aukera izango dute, baita begirale praktikak egin nahi dituztenek ere. Horretarako, dagokion izen-emate orria bete beharko du hezitzaileak hemen sartuta. Txanden inguruko informazioa ere badago gune horretan.
Hezitzaileok maiatzaren 9an Amasa-Villabonako Subijana etxean izango den prestaketa saioan hartu beharko dute parte nahitaez.
Behin izena emanda, apirilaren 3a baino lehen ezagutaraziko da nortzuk izan diren hautatuak eta nola osatu diren taldeak.
Parte-hartzaileen izen-ematea, martxoan
Behin hezitzaileen izen-ematea amaituta irekiko da gazte parte-hartzaileena. Martxoaren 2tik 16ra arte - egunok barne - lehentasuna izango dute bertso-eskolako kideek edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide dutenek; eta martxoaren 18tik 30era arte - egunok barne - zabalduko zaie izena emateko eskaintza gainerako gazte interesdunei.
Pixkanaka badator berokia kentzeko eta kanpoan gozatzeko garaia.