Bertso Udalekuak: eman izena!

2021/05/12
Ireki da izen-ematea. Maiatzaren 21era arte, bertso-eskolako kide diren edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide duten gazteek eman ahal izango dute izena. Aurreko urteen aldean, egun eta lagun kopuru gutxiagoko egonaldiak izango dira: guztira, zortzi txanda.

Ohiko irrika iaz pilatutakoari gehituko zaio. Aurtengoan, zorionez, hura asebetetzeko modua izango dugu.

Pasa den astean iragarri bezala, 2021ean egingo ditugu Bertso Udalekuak, iaz, halabeharrez, txanda-pasa egin eta gero. Eta udalekuen suziria pizten duen izen-ematea ireki dugu dagoeneko: 10:00etan ireki da lehen epea eta maiatzaren 21era arte izango da irekita, 10:00ak arte. Lehenengo epe hau bertso-eskolako kide diren edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide duten gazteentzat da (bazkide egiteko, sakatu hemen). Ondoren, bigarren izen-emate bat irekiko da: maiatzaren 25etik 31ra izango da hori, eta ordu berean irekiko eta itxiko da, 10:00etan.

Izena emateko webgune honetan topatuko duzun izen-emate orria bete beharko da, nahi den txanda aukeratuz eta parte hartzeko baldintzen dokumentua irakurri eta onartuta. Izen-emate ordena eta lurralde aniztasuna aintzat hartuta txandak osatuko dira, eta ekainaren 9rako erantzungo zaie izena eman duten guztiei udalekuetan parte hartzeko aukerarik ote duten.

Zortzi txanda

Irrikaz eta zuhurtziaz antolatu ditugu Bertso Udalekuak. COVID-19aren aurrean hartu behar diren osasun neurriak kontuan hartuta, prebentzio eta garbiketarako segurtasun protokoloa diseinatu dugu, eta esan gabe doa, une oro aintzat hartuko ditugula indarrean dauden neurri eta legeak. Egoera aintzat hartuta, aurreko urteen aldean, talde txikiagoak antolatuko ditugu eta egonaldi motzagoak izango dira: horregatik, zortzi txanda izango dira aurten eskainiko direnak.

Sopelan, Orion, Uitzin eta Amaiurren izango dira txanda guztiak, uztailean, eta 9 eta 18 urte bitarteko gazteentzako udalekuak izango dira. Txanda bakoitza adin jakin bati zuzenduta dago. Salbuespen bat ere badago: Ipar Euskal Herrian eskola egutegia uztailaren 6an amaitzen denez eta 2009ko gazteak hartzen dituen egonaldia uztaileko lehen egun horietan denez, Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan aritzen diren 2009ko gaztetxoek izango dute aukera Orioko hirugarren txandan izena emateko.

Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Irizarren laguntzarekin.

Hiru txanda izango dira aurten Orion. / XDZ