Bertso Udalekuak, bor-bor

2019/07/17
Uitziko gazteek beren egonaldia amaitzerako, Aubixara bidean izango dira hurrengo txandakoak. Larunbatean hasiko da Orioko Bertso Udalekua ere.

13 eta 14 urteko gazteek bapo gozatu dute Uitzin. Bihar itzuliko dira Bertso Udalekutik etxera, baina benetan emankorrak izan dira han egin dituzten hamar egunak.

Batetik, Edurne Azkarate aktorearekin antzerkia landu dute; lotsak eta beldurrak eszenaratzeko dinamikak egin dituzte. Irati Majuelo eta Julio Soto bertsolariak ere agertu ziren udalekura: bertsotan egin eta gazteekin izan ziren solasean. Bestetik, irteerak ere egin dituzte: Lekunberriraino ibilaldia eginda, merezitako bainutxoa hartu zuten, edota Leitzako Peru-Harri harriaren parkera ere joan ziren. Han Iñaki Perurenaren beraren ahotik jaso zituzten azalpenak.

Azkenik, Uitziko herrian auzolana egin dute: Anizetoren lasterlekua garbitu dute, Ondare Kultura Taldeko kideekin elkarlanean.

Aste honetan, Aubixara eta Oriora!

Uitzin dauden gazteak itzultzerako irekiko ditu ateak Aubixako Bertso Udalekuak: gaur bertan joango dira Elgoibar aldera 15 eta 16 urte bitarteko gazteak. Jarraian hasiko da Oriokoa ere: larunbatean hasi eta uztailaren amaiera aldera arte Itxaspe baserrian izango dira helduenak, 17 eta 18 urte bitartekoak.

Irati Majuelo eta Julio Soto izan ziren Uitzin, egonaldiaren hondarrean.