Bertso Udalekuak: 3, 2, 1…

2023/07/06
Uztailaren 8an hasiko dira 2023ko Bertso Udalekuak Amaiurren. Ondoren, uztaila bukaera arte txandaz txanda elkartuko dira bertsozale gazteak Irañetan, Zuhatzan eta Larraulen. Guztira 194 partaide izango dira aurten.

Bertsozale gazteenen ezinbesteko hitzordua dira Bertso Udalekuak eta aurtengoan ere adin desberdinetako gazteentzat antolatu ditu  Bertsozale Elkarteak. Izen-ematea zabalduta egun gutxitan bete ziren leku guztiak. Euskal Herriko herrialde guztietako eta Diasporako 163 gaztetxok eta 31 hezitzailek hartuko dute parte aurtengo Bertso Udalekuetan.

Udalekuetako parte hartzaileen %80a bertso-eskola bateko kideak dira eta behin Zuhatzan Bertso Udalekuak lehen aldiz probatuta, ondorengo txandetan partaideen %75 dira Bertso Udalekuetara etortzea berriz hautatu dutenak. 

2023ko txandak

9-18 urte bitarteko gaztetxo eta gazteak elkartuko dira uztailean zehar txanda desberdinetan. 16-18 urteko bitarteko gazten egonaldia izango da lehena; Amaiurren egingo da uztailaren 8tik 17ra. Hau bukatu eta hurrengo egunean ekingo zaio Irañetako udalekuari, eta han izango dira 12-13 urte arteko gazteak uztailaren 24ra bitarte. Uztailaren 24tik 28ra 9-11 urtekoen txanda izango da, hauek Zuhatzan egingo dute euren egonaldia. Azkenik, 14-15 urte arteko gazteak Larraulgo aterpetxean elkartuko dira, uztailaren 25etik 31ra.

Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Irizarren laguntzarekin.

 

194 partaide izango dituzte aurten Bertso Udalekuek.