Bertso Udalekuak: 3, 2, 1…
Bertsozale gazteenen ezinbesteko hitzordua dira Bertso Udalekuak eta aurtengoan ere adin desberdinetako gazteentzat antolatu ditu Bertsozale Elkarteak. Izen-ematea zabalduta egun gutxitan bete ziren leku guztiak. Euskal Herriko herrialde guztietako eta Diasporako 163 gaztetxok eta 31 hezitzailek hartuko dute parte aurtengo Bertso Udalekuetan.
Udalekuetako parte hartzaileen %80a bertso-eskola bateko kideak dira eta behin Zuhatzan Bertso Udalekuak lehen aldiz probatuta, ondorengo txandetan partaideen %75 dira Bertso Udalekuetara etortzea berriz hautatu dutenak.
2023ko txandak
9-18 urte bitarteko gaztetxo eta gazteak elkartuko dira uztailean zehar txanda desberdinetan. 16-18 urteko bitarteko gazten egonaldia izango da lehena; Amaiurren egingo da uztailaren 8tik 17ra. Hau bukatu eta hurrengo egunean ekingo zaio Irañetako udalekuari, eta han izango dira 12-13 urte arteko gazteak uztailaren 24ra bitarte. Uztailaren 24tik 28ra 9-11 urtekoen txanda izango da, hauek Zuhatzan egingo dute euren egonaldia. Azkenik, 14-15 urte arteko gazteak Larraulgo aterpetxean elkartuko dira, uztailaren 25etik 31ra.
Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Irizarren laguntzarekin.