Bertso saioa eta Chillida Leku ikusteko hitzordua, bihar

2020/10/16
Sarrerak oraindik eskuragai daude www.museochillidaleku.com atarian. Saioaren aurretik, sarrera aurkeztuta, museoa ikusteko balia dezakete zaleek. Mokadua, zozketak eta luzatu nahi duenak otordu paregabea afaltzeko aukera izango du.

Atseden emango du eguraldiak asteburuan, eta Bertsozale Elkartetik jada plana egina daukagu: Bertsoa Sutan jarriko dugu, bihar, 17:00etatik aurrera, Chillida Lekun.

Bertsoa eta sukaldea izango ditu protagonista. Janariaren eltzea egosten ariko dira Aitzol Zugasti eta Maialen Cano sukaldariak; eta hitzenari eragiten Andoni Egaña eta Oihana Iguaran bertsolariak. Bi plater hauen arteko oreka ematen, Maite Berriozabal ariko da gai jartzen. Sukaldariek gastronomiari lotutako prozesu ezberdinen azalpenak emango dituzte, eta bertsolariak sukaldaritzari lotutako prozesu hauek bertsogintzara ekartzen saiatuko dira, gai jartzaileak lagunduta. Gainera, parte hartzaileek sukaldariaren prozesua streaming bitartez ikusi ahal izango dute, sakelakoak erabiliz.

Zaleei pintxo bat emango zaie saioaren hasieran, sukaldariak gidatuta dastatu ahal izateko. Saioaren laguntzaile diren Euskal Sagardoak eta Getariako Txakolinak beren ekoizpenarekin osatutako botila sortak zozkatuko dituzte etortzen direnen artean. Saioaren aurretik, sarrera aurkeztuta, Chillida Leku museoa bera ikusteko aukera izango da; aitzitik, saiora bakarrik joan nahi bada, 16:30ean hasiko dira eseritzen lehen ikus-entzuleak.

Bestalde, plana luzatu nahi izanez gero, saioaren ondotik Chillida Lekuko Lurra Café jatetxeak egun honetarako bereziki diseinatutako afari bat eskainiko du jende kopuru mugatu batentzat. Afari bikaina izango da 40 euroren truke. Ikusi menua, hemen.

Saiorako sarrerak zein afarikoak www.museochillidaleku.com webgunean eskura daitezke.