Bertso plazak, erdi hutsik

2020/09/06
Pandemia hasi zenetik egoera pixkanaka hobetu bada ere, gaur egun lehengo bertso plaza kopuruaren %25 egiten da soilik.

Fruituak erruz ematen ari zen plaza basamortu bihurtu zen martxoan. Ordutik egoera bera zein arauak aldatzen joan dira, eta sasoi bakoitzean itxura bat edo beste hartu du plazak. Une batean ere ez lehen zeukana.

COVID-19ak bertso plaza osoa bertan behera utzi zuen martxoaren 13an, eta ordutik maiatzera arteko saio guztiak ezerezean geratu ziren. Etenaldi horren ondoren, bat-bateko online bertso saioak eskaintzen hasi ziren bertsolari batzuk etxetik, musutruk.

Larrialdi egoera altxa zenean lanera joateko baimena bazegoen, baina kultur ekitaldiak antolatzekoa ez. Beraz, maiatzaren hasieran Bertsozale Elkartea eta Lanku Kultur Zerbitzuak, elkarlanean, Amasa-Villabonako egoitzan bertso saioak grabatzen hasi ginen. Eta antolatzaileei on line emisiorako aukera eskaintzen. Saioek harrera oso ona izan zuten.

Maiatzaren bukaeran bigarren fasera pasa ginen. Kultur ekitaldiak antolatu zitezkeen, baina aforo murriztuarekin. Antolatzaileei asko kosta zitzaien zerbait antolatzen hastea, beraz, egoera ikusita, ekainaren 5ean bertso saioa antolatu genuen Amasa-Villabonan, segurtasun neurri guztiak bermatuta. Helburua, besteak beste, kultur ikuskizunak osasun ikuspegitik ekitaldi seguruak direla erakustea zen.

Ekainaren 8an pasa ginen hirugarren fasera, eta, hor, aforoak eta aukerak gehiago ireki ziren. Bertsozale Elkarteak antolatutako saioa ikusi ostean, antolatzaileak animatzen hasi ziren, beraz, ekainaren erditik aurrera saioak antolatu dira zenbait herritan. Hala ere, jairik egon ez denez, antolatu diren saioak kultur programazioaren baitan antolatu dira. Gailendu den formatua jaialdia izan da, eta beste plaza mota batzuk, otorduak adibidez, desagertu egin dira. Jaien egitarauan oinarritutako plaza libreak ere ia erabat desagertu dira.

 

Etorriko denaren kezkaz

Orokorrean, ziurgabetasun handia dago plazari dagokionez, baita, gorabehera asko ere. Oier Iurramendi Bertsozale Elkarteko sustapen arduradunak eta Marta Agirrezabala Lanku Kultur Zerbitzuetako kudeatzaileak adierazi dutenez lehengotik "oso urruti" gaude. "Saio asko lotu eta bertan behera geratzen dira, eta udazkena ere bide beretik datorrela ematen du", esan dute. "Gaur egun, lehengo kopuruen %25 egiten da bakarrik. Horregatik, kezkaz begiratzen diogu etor daitekeenari".

Dena dela, antolatu diren saioek "oso erantzun ona" eduki dutela azpimarratu nahi izan dute Iurramendik eta Agirrezabalak. "Bai bertsolarien eta bertsozaleen aldetik, baita, antolatzera animatu diren antolatzaileen aldetik ere".

Kultur ekitaldiak seguruak direla frogatu den arren, ziurgabetasunak eta beldurrak kalte handia eragin duela ere gaineratu dute. "Aurreikuspenak ez dira onak eta kezka handia daukagu. Honek guztiak oso egoera larrian utz dezake bertso mundua ez badira ekitaldiak gauzatzeko laguntzak edo bermeak ematen", diote Iurramendik eta Agirrezabalak. "Denon ahalegina izango da beharrezkoa".

Kultur ekitaldiak denon osasuna bermatuz egin daitezkeela ikusi dugu azken hilabeteetan. / XDZ