Bertso plaza mugitzen hasi da

2021/05/26
Saio kopurua aintzat hartuta, goranzkoa da joera; oraindik ere jaialdiek eta bat-bateko bereziek betetzen dute agenda batez ere. 2021eko lehen bost hilabeteotako irakurketa duzu hau.

Ez da urte hasiera ona izan bertso plazarentzat. Pandemiak eragindako krisiaren ondorioz, 2019an egin ziren bertso saioak baino %60 gutxiago egin dira aurtengo lehen hilabeteetan, eta 2020an baino %25 gutxiago; kontutan hartu behar da iazko urtearen hasiera bera ere pandemiarik gabekoa izan zela.

Plazaren irakurketa (2021eko urtarrila-maiatza). Bilakaera

 

Duela bi urte 366 saio antolatu baziren, aurten 144 saio besterik ez dira antolatu. Edonola ere, martxotik aurrera bertso plazen kopuruak goranzko bidea hartu du eta hala jarraitzen du egun ere: apirilean 29 saio egin baziren, 47 izan dira maiatzean.

Saio motari dagokionez, azken hilabeteotako joerari eusten zaio: jaialdiek eta bat-bateko bereziek betetzen dute agenda batez ere, bertso hitzorduen %91,5a, zehazki. Lagunarteko eta plaza libreko saio gutxi antolatu dira, aldiz; otorduetan edo mahai-inguruan egiten direnak eta gai jartzailerik gabe bertsolariek ikus-entzuleengandik hurbil kalean egiten dituztenak, alegia.

 

Plazaren irakurketa (2021eko urtarrila-maiatza). Saio motak 

 

Lankuren aldeko apustua

Tokian tokiko antolatzaileei bertso saioak antolatzeko zerbitzua eskaintzen du Lankuk. Urtez urte gora egin du haren bitartez gauzatzen diren saioen kopuruak. Nabarmentzekoa da, urtarriletik maiatzera bitarteko epea aintzat hartuz gero, 2021ean saioen %45a bideratu dela kultur enpresatik eta 2019an %30a izan zela.

Bertso plaza mugitzen hasi da.

 

Bertsozale Elkarteak plaza indartzeko Bertso Egun bat baino gehiago egin ditu. / XDZ